Etxetresnak beren kabuz ibiliko direnekoa

Imajinatu. Gauean ontzi-garbigailua bete duzu, eta, martxan jarri gabe, ohera joan zara. Hurrengo goizean, ordea, esnatu orduko, ontziak garbi-garbi daude. Garbigailua gauez jarri da martxan, bere kabuz, elektrizitatea merkeen zegoen garaian. Elektrizitate-saretik jaso du elektrizitatearen prezioaren inguruko informazioa, eta horretan oinarritu da martxan noiz jarri erabakitzeko.
Etxetresna elektronikoak adimendunak direnean, beren kabuz jarriko dira martxan elektrizitatea merkeen dagoen unean
Scale Speeder

Bada, irudimenera jo gabe, etorkizuna horrelakoa izango dela aurresaten dute hainbat elektrizitate-adituk; besteak beste, Tom Raftery irlandarrak. Elektrizitatearen hurrengo belaunaldia izango da, elektrizitatea 2.0. Ontzi-garbigailuek ez ezik, beste etxetresna guztiek ere modu horretan lan egin ahal izango dutela diote. Hori bai, hori guztia posible izateko, adimendunak izan behar dute, bai etxetresnek, bai elektrizitate-sareek.

Zer esan nahi du adimenduna izateak? Bada, kasu horretan, elektrizitate-sare adimendunak sarean une bakoitzean dagoen elektrizitate-kantitateari, elektrizitateak duen prezioari eta abarri buruzko informazioa igorriko du elektrizitatearekin berarekin batera. Etxeetako etxetresna adimendunak, bestalde, gai izango dira informazio hori irakurtzeko, eta horren arabera aritzeko. Eta hori guztia automatikoki egingo dute, erabiltzaileen esku-hartzerik gabe.

Elektrizitatearekin batera, une horretan duen prezioari, sarean dagoen elektrizitate-kantitateari eta abarri buruzko informazioa garraiatuko da elektrizitate-dorreetatik (Argazkia: REE).

Zientzia-fikzioa ez, etorkizun posiblea

Horri buruz ezer entzun ez duenari zientzia-fikzioa irudituko zaio, agian, elektrizitate adimendunaren gaia. Baina badirudi aukera asko daudela etorkizunean elektrizitateak hortik jotzeko. Azken batean, une bakoitzean kontsumitzen ari den elektrizitate-kantitatea erregulatzeko bide bat da.

Gaur egun, enpresa batzuek egiten dute horrelako zerbait, etete-kontratu deritzenen bitartez: elektrizitatea saltzen duten erakundeekin adostuta dute enpresako tresnak eta makinak martxan jarriko dituztela erakundeek baimena ematen dietenean, eta, alderantziz, gelditu egingo dituztela hori egiteko agindua jasotzen dutenean. Horren truke, noski, askoz merkeago ordaintzen dute kontsumitutako elektrizitatea.

Elektrizitate-sarea adimenduna izatera iristen denean, ordea, automatikoki egingo da erregulazio hori, eta etxetresna adimendunak dituzten guztiek egingo dute. Baina, zertarako erregulatu? Horren alde egiten dutenei iruditzen zaie oso modu egokia dela arazorik egon ez dadin elektrizitate-sarearen eta gero eta ugariagok diren energia berriztagarrien artean, alegia, energia eolikoaren eta fotovoltaikoaren artean.

Haize handia dabilenean garbigailu asko egongo dira martxan, eta txikia dabilenean, gutxiago (Argazkia: Gamesa).

Gaur egungo elektrizitate-sareen bi ezaugarrik zaildu egiten dute, nolabait, energia berriztagarriak neurri gabe ugaritzea. Batetik, sareak ez du elektrizitaterik metatzen, eta, hortaz, kontsumitzaileek behar duten adina elektrizitate sortu behar da une bakoitzean. Ez gehiago. Eta, bestetik, energia berriztagarria sustatzeko helburuarekin edo, bide berriztagarrietatik sortutako elektrizitatea ez da erregulatzen, eta sortzen den guztia sartzen da sarean.

Noski, horrela ez dago kontrolatzerik noiz sortuko den elektrizitatea parke eolikoetan eta fotovoltaikoetan; Eguzkia eta haizea dagoen egunetan asko sortzen da, eta gutxi dagoenean, gutxi. Elektrizitate-sarea kontrolatzen dutenek beste elektrizitate-iturri batzuen bidez sortzen dute eolikoak eta fotovoltaikoak sortu ez duten elektrizitatea.

Elektrizitate-sare adimendunak kontsumoa ere erregulatzea lortzen bada, ordea, askoz errazago orekatuko dira kontsumoa eta sorkuntza, eta, gainera, askoz errazago egingo zaie lekua energia eolikoari eta fotovoltaikoari. Azken batean, haize handia dabilenean garbigailu asko egongo dira martxan, eta txikia dabilenean, gutxiago.

7K- n argitaratua.

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali