}

Etorkizuneko Euskal Zientzia Museoa

1997/01/01 Urkizu, Urtzi Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ongi dakigu, irakurle, ondoren jorratuko dugun gaia ez dela atzo goizekoa. Urteak dira lehen aldiz zientziaren museoaren inguruko kezka plazaratu zela. Orduan, eta gaur egun, Euskal Herrian ditugun gabezien artean, zientziaren erabateko ikuspegia emango zukeen egitura aldarrikatzen zen. Berria da, alabaina, kezka horri irtenbidea eman nahian plazaratu berri den proiektua. Izurun fundazioko Pablo Aresori zor zaio azaroan aurkeztu zen lan hori. Bertan Euskal Herriko Zientzia Museoak aurrera ateratzeko bete beharko lituzkeen oinarri-oinarrizko ezaugarriak eta filosofia eman zen argitara. “Museo de Ciencias y Técnicas para una sociedad avanzada” izenburuko liburuan jasota daude alderdi horiek guztiak. Hitz eta pitz aritu ostean, badirudi azkenean heldu dela zezenari adarretatik heltzeko tenorea. ZORIONEZ.

Ezin liteke esan Euskal Herrian museoak ugari daudenik. Oro har, hanka motzgabiltza museo-eskaintzari dagokionez eta, noski, zientziarekin zerikusia dutenak askoz urriago daude.Dauden museoetatik gehienek, gainera, ondarea babesteko xedez sortutakoak dira. Alabaina, UNESCOko Museoen Nazioarteko Kontseiluak bi funtzio nagusi atxikitzen dizkie museoei: batetik, ondare kulturala kontserbatzea eta aztertzea eta bestetik, funtzio didaktikoa, hots, erakutsitakoa jendearen formazio, informazio eta gozamenerako baliagarri izatea. Oinarrizko bi helburu horiek eztabaidagarriak izan daitezke, noski, baina oro har, nazioarteko komunitateak aintzakotzat hartzen ditu. Gure egoera aztertzeko, halaber, baliagarritzat hartu ditugu bi irizpide horiek.

Euskal Herriko Museoak

Euskal Herrian 55 museo ditugu une honetan eta aurki beste batzuk gaineratu beharko zaizkio zerrenda horri, badira eta martxan beste hainbat proiektu: Bizkaian 8 museo eta Gipuzkoan 10.

Museo horietan jasotako jakintza-arloak aztertuz gero, ordea, eskaintza are murritzagoa dela ohar gaitezke. Dauzkagun museoetatik oso gutxik jorratzen dute zientzia eta teknika.

Leioako Zientzien Historiaren euskal museoa. Euskal Herriko museo gehienak objektuak biltegiratzeko lekuak dira eta ez dute bisitarien parte hartzea bultzatzen.

Arestian esan bezala, Euskal Herrian Zientzia Museo handi bat egiteko ideia badabil askoren gogoan. Horren inguruan hausnarketa bultzatzearren, Izurun fundazioak urte askotako lanaren emaitza den Museo de Ciencias y Técnicas para una sociedad avanzada izeneko liburua plazaratu zuen iazko azaroan. Liburuaren egilea Pablo Areso Barquin da, Izurun fundazioko Zientzia eta Teknologiaren saileko zuzendaria. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntza jaso du lan honek; behin-behineko diagnosiaz gain, proiektuak beste ekimen batzuk ere hartzen ditu bere baitan hala nola, etorkizunean museoaren egitaraua idaztea eta proiektu teknikoaren elaborazioa burutzea.

Euskal Herriko zientzi museo gehienak Natur Zientzietakoak dira. Oro har, fosil, mineral eta maskorren bildumak dira edota faunaren beste talde batzuetaz arduratzen dira. Funtzio didaktikoa, ordea, ahazturik dago ia kasu guztietan. Badira maila zientifiko handia duten natur bilduma pribatuak ere, baina hauek ez dute interes pedagogikorik. Natur Zientziak, Industri Arkeologia eta Teknologia tradizionala nagusitzen dira gure museoetan. Baina zoritxarrez, Euskal Herrian ez dago Zientzia Esperimentala jorratzen duen museorik, ezta herritarrek parte hartzea bultzatzen duenik ere. Pablo Aresok egindako azterketan gabezi hau azpimarratzen zaigu lehen-lehenik.

Auzoko leihoak zabalduz

Gure artean falta denaren bila, Pablo Aresok gaingiroki aztertu ditu han-hemenka martxan diren museo-proiektuak. Bereziki Europan dauden zientzia eta teknika museoak jorratu ditu bere liburuan. Museo horien joera eta eredu nagusiak oso hartu dira kontuan Euskal Herrirako proposatu duen museo-eredua diseinatzeko orduan.

Paris eta Londresekin batera Berlin oso garrantzitsua izan da Europako museologian. Irudian dugun Museum für Verkher und Technik Alemaniako museo ospetsuenetakoa da.

Sailkapenaren abiapuntua irizpide kronologikoa da. Izan ere, lehen begiratu batean garbi ikusten da museo bakoitza sortu zen garaiko egikera kulturalaren emaitza dela.

  • Lehenengo zientzi eta teknika-museoak ondare nazionala gordetzeko eta iraunarazteko egin ziren eta bigarren funtzioa kultura zientifikoa jendearen artean zabaltzea zen. XIX. mendeko gizartea isladatzen dute museo hauek; Entziklopediaren izpirituaren umetzat jo daitezke, esate baterako, Parisko Conservatoire des Arts et Métiers , Londresko South Kensington Museum eta Berlingo Urania.
  • Museoen bigarren belaunaldian zientzi ezagutza komunikatzeko helburua nabarmentzen da. Aditu eta hasberrien arteko haustura emendatzeko nahia azaltzen da orduan. Objektuak manipulatzeko eta esperimentuak frogatzeko aukera eskaintzen dute garai honetako museoek eta bisitariei zientzia eta teknologiaz informazioa ematen zaie. Garai honetakoak dira, beste batzuen artean, Parisko Palais de la Decouverte, Municheko Deutsches Museum, Science Centers anglosaxoniarrak eta Bartzelonako Museu de la Ciencia .
  • Museologiaren joera aurreratuenek, azkenik, zientzia ez dela neutroa azaltzen digute. Zientziaren pertzepzio globalagoa ematen dute: giza dimentsioa, bere ondorio ekonomikoak, kulturalak eta ingurunekoak kontuan hartu behar dira. Museo berriek, beraz, zientziaren osoko ikuspegia ematen digute, bere inplikazio, hitz emate eta arrisku guztiekin . Azken joera horien arabera sortu ziren, adibidez, Eindhovengo Evoluon, Berlingo Museum für Verkher und Technik eta Parisko La Cité des Sciences et de L´Industrie museoak.

Museologiaren joera berriak

Zientzia museo modernoan funtzio didaktikoa nagusitzen da. Baina hezkuntza ez da ikaslegora mugatzen. Bisitari bakoitzak bere bidea aukeratuko du eta objektuak manipulatuz ikasiko du. Museoak, bestalde, eguneroko gaiak ere jorratuko ditu.

UNESCOk berak egindako sailkapenari segiz, gaur egungo museologiak bi funtzio nagusiak bereizten ditu, baina hezkuntzari lehentasuna ematen zaio ondarea kontserbatzearenaren gainetik. Horren arabera, museoak ez dira jadanik objektuak biltegiratzeko lekuak bakarrik eta hezkuntzarako tresnatzat erabiltzen dira. Hamarkada honetako museo-ereduak gizarteak aurrera egiten laguntzea du helburu, ideia-, kontzeptu- eta ezagutza-multzoa zabalduz. Hauxe da, hain justu, Pablo Aresok Euskal Herrian Zientzia Museo batek ekarriko lituzkeen abantailetaz hitz egiterakoan ikusmiran duen eredua. Liburuaren pasarte batean dioenez, museoa ez da arazo guztietarako konponbidea izanen, baina gizarte osoari beharrezkoa den zientzi kultura helarazteko tresna aproposa izango litzateke.

Museo modernoek hezkuntzarako baliabide berriak eskaintzen dituzte. Eredu osagarria da, hots, ez du irakaslea edo liburua ordezkatzen. Horiek ez bezala, ordea, formalak eta akademikoak ez diren errekurtsoen bitartez bisitariak jasoko duen informazio zientifikoa ongi barnera dezan saiatzen da.

Nolanahi ere, museoek bete behar dituzten funtzioez hitz egiten denean, hezkuntza ez da ikaslegora mugatzen. Museo berrien helburua gizarte osoarengana iritsiko den kulturaren eta zientziaren etxea izatea da; guztiek, helduek nahiz umeek alfabetizazio zientifikoa behar baitute. Zientzi museo berriek, azkenik, egunean egoteko beharra dute unean uneko aldaketen eta ikerkuntzen ondorioen berri eman ahal izateko.

Nolakoa izango da gure museoa?

Zientzia museo modernoan funtzio didaktikoa nagusitzen da. Baina hezkuntza ez da ikaslegora mugatzen. Bisitari bakoitzak bere bidea aukeratuko du eta objektuak manipulatuz ikasiko du. Museoak, bestalde, eguneroko gaiak ere jorratuko ditu.

Etorkizunerako erronka bada ere, Euskal Herriko Zientzi Museoak sendoak ditu oinarriak. Izan ere, proiektuaren inguruko hausnarketatik eratorritako ideiak eta iradokizunak jaso ditu Pablo Aresok. Balizko filosofia ezezik, gainditu beharko dituen arazoak ere bildu dira txosten horretan.

Euskal museoaren filosofia ondoko printzipio orokorretan labur daiteke:

  • Museoaren funtzio nagusia zientzi informazioa zabaltzea da, hezkuntzarako tresna iraunkorra izanik.
  • Adituak ez direnentzat aurrerakuntza zientifiko eta teknikoak ulergarriak egin behar dira. Dena dela, bisitari bakoitzak bere ezagutzen arabera irakurketa ezberdina egiteko parada izango du.
  • Bisitarien partehartzea bultzatuko du museoak; ikusteko eta ukitzeko museoa izango da. Bisitariak parte hartuko du eta manipulatzen deskubrituko du.
  • “Ideien museoa” izango da; izan ere, zientziaren printzipioak ez dira objektuen bitartez soilik azalduko. Funtzio horretarako irudiak, soinua, testuak, maketak, monitoreak, ordenadoreak edota esperimentu automatizatuak ere erabiliko dira.
  • Makina zaharrak teknologia irakasteko baliagarriak dira. Ikuspegi historikoa oso garrantzitsua da, aldaketa larriak dauden uneetan, bereziki; gizarteak museora joko du bere identitatearen bila.
  • Museoaren sailkapen berriak zientziaren eta bere aplikazioen ikuspegi integratu eta konbinatua eman nahi du.
  • Zientziaren eta teknikaren ikuspegi osoa eman behar da, inplikazio guztiak azalduz. Asmakuntzen erabilera jakitun baten erantzukizuna bultzatu behar da.
  • Ibilbidea malgua izango da. Bisitari bakoitzak bere bidea aukeratuko du motibazio, lehentasun eta ulermen-mailaren arabera; informazioa, hala ere, sekuentziazio antolatu eta ulergarriari segiz emango da.
  • Behin-behineko erakusketak egingo dira, zientziaren aurrerakuntzak egunean jarriz. Gai monografikoak landuko dira eta museoaren sormenezko dinamika bultzatuko dute. Horrez gain, erakusketa hauek kanpoan ere emango dira ezagutzera, nazioarteko kultur trukaketarako baliagarriak izanik.

Auzi praktiko eta konkretuak

Filosofia ezezik, museoaren eguneroko ihardunean emango diren arazo eta iradokizun praktikoak ere jaso ditu Pablo Aresok bere liburuan. Ikusitakotik ikasiz, ondokoak zerrendatu ditu egileak:

  • Nork kudeatuko du museoa?
    Hezkuntza-erakundeek begi onez ikusiko dute museoa martxan jartzea, gizartearen kultura-maila areagotzeko baliagarria izango delako. Halaber, zenbait enpresa pribatuk gizakien formaziorako baliagarritzat jotzen dituzte museoak. Botere publikoen sostengu ekonomikoa, gainera, interes eta etekin ekonomiko eta politikoaren arabera gauzatzen da. Erakunde guztien artean kudeatu beharko da museoa, arlo pribatu eta publikoa elkartuko dituen status juridikoaren bitartez.
  • Zientzia museo modernoan funtzio didaktikoa nagusitzen da. Baina hezkuntza ez da ikaslegora mugatzen. Bisitari bakoitzak bere bidea aukeratuko du eta objektuak manipulatuz ikasiko du. Museoak, bestalde, eguneroko gaiak ere jorratuko ditu.
    Nola finantzatuko da?
    Ohizko eta aparteko aurrekontuaren finantzaketa eta autofinantzaketa partziala aztertu behar dira. Beste herrialde batzuetan erabiltzen diren sistemak kontuan hartzen dira, batez ere herritarrei sarrera kobratzearena.
  • Museo bakarra edo museo txiki asko?
    Eredu bakoitzak bere abantailak ditu, noski, baina bideragarriena Euskal Herri osorako museo handi bat egitea dela uste du Aresok. Museoaren zabalkuntza egokia izan dadin, berriz, erakusketa ibiltariak egitea proposatzen da.
  • Museoa non?
    Kokapenari dagokionez, arazo eta eztabaida franko sortuko dela aurreikus daiteke. Garraiabide azkarrak eta azpiegitura aztertu beharko dira. Nolanahi ere, museoak probintzien arteko distantzikidea izan beharko luke.
  • Nolako egitura?
    Hasieran museoak erakusketa-areto iraunkorrak izango ditu, baina garatu ahala, sail teknikoak ere egituratu beharko dira. Urratsak definitu behar dira eta azken helburua pragmatismoz aurreikusi. Ezin da etorkizuna kolokan jarri proiekzio txarra egin izanagatik.
  • Baina, nolakoa izango da?
    Espazioak, bisitarien eta langileen joan-etorriak, ibilbide malguak, klimatizazioa, argiztapena, elbarrituentzako bideak eta segurtasuna kontuan hartu beharko dira.
  • Norentzako museoa?
    Hartzaileak ikasleak, profesionalak eta langileak, kultur erakundeak eta korporazioak, turistak edota paseko bidaiariak dira; oro har, gizarte osoa da hartzailea. Museoaren helburua informatzea da eta baita entretenitzea ere. Museoari bisita pertsonala, familiarra, taldekakoa edo turistikoa egin ahal izango zaio. Bisitarien formazio-maila ez da homogeneoa izango, beraz, baina guztiek atera ahal izango diote etekina.
  • Zer erakutsiko du museoak?
    Gizarte osoarentzat baliagarria izan dadin, gai egokiak eta egunerokoak jorratuko ditu. Zientzia Museoaren gai-multzo posible batzuk honakook izan daitezke:
  1. Unibertsoa eta espazioaren konkista.
  2. Lurraren Zientziak.
  3. Bizia eta gizakia.
  4. Materia eta gizakiaren lana.
  5. Kultura, lengoaiak eta komunikazioa.

Museo humanista

Izurun fundazioak proposatzen duen museo-ereduak zientziaren ikuspegi humanista bultzatuko du, bere erlazio eta inplikazio guztiekin. Aresok liburuan dioenez, gurea kultura teknikoa da eta horretan ezin da atzera egin. Belaunaldi berriei, beraz, zientziaren eta bere aplikazioen erabilera egokia egiten erakutsi behar zaie. Hezkuntza zientifikoa, izan ere, garapenerako derrigorrezko baldintza izango da, baita gizartearen ongizaterako eta ekonomiarako ere.

Adituak ez direnentzat aurrerapenen azalpen ulergarriak egingo dira. Dena dela, bisitari bakoitzak bere ezagutzaren araberako irakurketa egingo du.

Gizarte aitzindari baterako zientzia eta teknika museoa proiektua hezkuntza-erakundeei zuzendua dago lehenik eta behin, museoa irakaskuntzarako zerbitzu osagarritzat hartzen baita. Bestetik, zientziaren dibulgazioan busti daitezen, gainontzeko erakunde, enpresa eta giza taldeetara ere jo behar da. Museoa hezkuntzaren baliabidetzat hartzen duen edonork har dezake parte hausnarketa honetan, funtsean, guztiontzako erronka baita etorkizuneko proiektua martxan jartzea. Komunitate zientifikoaren eta gizartearen arteko harremanak estutuko eta berotuko ditu museoak.

Euskal Herriko museoak Elhuyarreko hurrengo aleetan

Museologiaz apur bat gehiago badakigu orain eta gaur egungo museoen ezaugarriak hobeto ezagutzen ditugu. Elhuyarrek, era berean, zientzia eta teknikarekin zerikusia duten Euskal Herriko museoak aztertuko ditu hurrengo aleetan. Otsaileko aletik hasita, bederatzi euskal museotan sartuko gara. Urtea amaitzeko, berriz, balantze orokor bat egiteko moduan izango garela espero dugu.

Hasiera-hasieratik esan dugunez, Euskal Herriko museoetan ondarea gordetzeko funtzioa da nagusi; bisitarien jarrera, bestalde, nahikoa pasiboa da; funtzio pedagogikoa alde batera utzita dago ia kasu guztietan. Etorkizuneko Zientziaren Euskal Museoak zientzia ikusteko, ukitzeko, esperimentatzeko, jostatzeko eta gehiago ikasteko aukera emango ote digu?

Bitartean, ezagutu ditzagun egungo euskal museoak. 1997ko aleetan honako museoetara egingo dugu bisita: Leioako Zientzien Historiaren euskal museora, Gasteizko Natur Zientzien museora, Donostiako Akuariumera, Bergarako Zientzia eta Tekniken museora, Iruñako Planetariora, Miarritzeko Itsasoaren museora, Urretxuko Mineral eta fosilen erakusketa iraunkorrera, Barakaldoko Euskadiko Teknika museora eta Hiriburuko Espeleologi, Meatze eta Lurren Ekologiaren museora.

Interes handiz irakurri dut Pablo Aresoren Museo de Ciencias y Técnicas para una sociedad avanzada . I. Definición y modelo. izenburua duen liburua. Askotan pentsatu izan baitut beste herrialde batzuetan ikusi ahal izan ditudan zientzi museoen antzeko bat Euskal Herrian behar genukeela eta liburu honek gai horretxeri heltzen dio hain zuzen ere.

Azpitituluak daraman zenbakiak aditzera ematen digunez, liburuki honen atzetik gai beraren beste alderdi batzuei buruzko besteren bat edo batzuk irakurtzeko aukera izango dugu eta, gainera, zientzi museo berri baten diseinuaren lehen harriaren antzeko zerbait da.

Ereduaren bila bertan egiten den gogoetak zentzu handia du. Atzerrian dauden museoen azkerketatik abiatzen da gurerako egokiena izan litekeenaren zertzelada nagusiak definitzeko asmoz. Bi joera nagusi ikusten ditu zientzi museoetan, tresnak bildu eta kontserbatzekoa bata eta bisitariaren ezagutza aberastean zentratzen dena bestea. Bigarren hau aukeratzen du egileak eta ez du arrazoirik falta. Planteamendu honetan oinarrituriko museoek utzi dizkidate oroimenik onenak. Hogeitabost urte izango dira laster Luzernako Garraioen eta Komunikazioen Museoa ikusi nuela.

Ez zait oraindik ahaztu han ikusi nuen zenbait gauza. Gehien gustatu zitzaidana bisitariari eskaintzen zitzaion dena ukitzeko eta erabiltzeko aukera zen. Irizpide berbera ikusi dut geroztik behin eta berriz bisitatu dudan Bartzelonako Museu dela Ciencia politean edo Parisko La Villette-n eta nekez ahaztuko zaizkigu duela urte batzuk senar-emazteok eta gure hiru alabek Parisko Palais de la Decouverte -n ikusi genituen maiztasun handiko korronteekin eginiko saiakuntzak eta tximisten simulazioak. Oroimenean betiko txertatuak geratzen dira kontzeptuak eta sentipenak.

Egileak Donostiako Apaizgaitegiko Hitzaldi-Aretoan aurkezpena egin zuenean, liburuaren xedea gai honetaz interesaturik dauden pertsona eta erakundeen artean adostasuna lortzera bideratutako eztabaida sustatzea zela adierazi zuen. Eztabaida horretarako ekarpen xume gisa pare bat ideia jarri nahi nituzke mahai gainean.

  1. Liburuan museoa Euskal Autonomi Elkarteko bezala aipatzen da behin eta berriz. Uste dut egokiago litzatekeela Euskal Herri osoa gogoan hartzea errealitate sozial eta kultural batetik abiatzeko eta ez banaketa administratibo koiuntural batetik. Bestalde, alderdi finantzariotik ere aukera zabalagoa izango luke horrela.
  2. “Gizarte aurreratu baterako” museo gisa planteatzen denez, eraikin batean kokaturiko museo fisikoaz gain, egokia litzateke Interneten bidez erakutsiko litzatekeen museo birtuala ere aldi berean eratzea. Horrek zabalkunde handiagoa emango lioke, simulazioen mundu zabala irekiko luke, ibilbide malguen araberako bisita-aukerak gehituko lituzke,etab. Horrela, liburuan aipatzen diren bi eredu posible, museo bakarrarena ala erakusketa-sarearena konbina litezke, zeren eta hipermedia bidezko loturek zerbitzari (museo) desberdinen sarea oso erraz eratzea ahalbidetzen baitute.

A. Sagarna

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia