}

Etna, nahasketa leherkorra

2001/09/23 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa


Etna sumendia gero eta arriskutsuagoa dela adierazteko ez gara pasatu den udan eskaini zuen ikuskizunean oinarrituko, P. Schiano geologoak Nature aldizkarian argitaratu duen artikuluan baizik. Izan ere, azken 500.000 urteetako laben azterketak uda bateko ikuskizuna baino fidagarriagoak dira. Dena dela, ikuskizunek berek eta baita azterketa geologikoek ere gero eta sumendi leherkorragoa dela erakusten dute.

Jakin, badakigu,geologian eta gizakion egunerokotasunean denborahurbilaz hitz egitean ez garela epe berdinaz mintzo, baina, hala ere, zer egin Pierre Schiano-ren artikuluaren oinarria uda honetan bertan gertatu diren erupzioekin ez lotzeko? Gainera, Pierre Schianok, Clermont Ferrand-eko Blaise-Pascal Unibertsitateko irakasleak, azken 500.000 urteetako laben ikerketa egin ostean, sumendiak gero eta joera leherkorragoa izango duela adierazi du. Hortaz, pentsatzekoa da uda honetakoa datozen urteetan gertatuko denaren abisu bat besterik ez izatea.

Bi erupzio motatan oinarritutako misterioa

Etnak hawaiiarrak baino leherkorragoak diren sumendien ezaugarriak agertu ditu.

Sumendiak jaurtitzen duten materialaren arabera definitzen dira. Gasak jaurtitzen dituztenak leherkorrak deitzen dira; efusiboak edo hawaiiarrak likidoa jaurtitzen dutenei deritze; solidoa nagusi denean, berriz, estrusiboak esaten zaie; azkenik, gasa, likidoa eta solidoa antzeko proportzioetan agertzen direnean mistoak direla esaten da. Batzuk, plaka tektonikoen mugimenduek sortutakoak izaten dira eta, besteak, berriz, mantutik materiala-hodei bat igotzean hasten dira erupzioan.

Etnaren kasua beti izan da erakargarria geologoentzat. Izan ere, Etnak jaurtitako materiala mantutik ateratakoa zela eta, sumendi hawaiiar bezala definitua izan da, baina azken urteetan ikertutako jokaerak ez zetozen bat erabaki horrekin. Etnak hawaiiarrak baino leherkorragoak diren sumendien ezaugarriak ere agertu izan ditu.

Bi emaitza kontraesankorrak azaltzeko teoria asko plazaratu izan dituzte geologoek, baina batere arrakastarik gabe. Inork ez zuen uste jaurtitako materiala Siziliako iparraldeko plakatik etor zitekeenik, eta, hain justu ere, hortxe zegoen gakoa. Siziliako iparraldean, Eolia artxipelagoan, Europako eta Afrikako plaken arteko subdukzioak sortutako Stromboli eta Vulcano sumendiak daude, baina, Sizilian bertan, plaka horiek ez zutela batere eraginik uste izan da.

Ikusgarria izan arren, siziliarrak lasai egon daitezke.

P. Schianok eta bere taldeak, mikroskopioa eskuetan, ikerketa hutsetik hasi zuten. 500.000 urteko, 120.000 urteko, 7.000 urteko eta 1999ko labak alderatu eta neobio, titanio eta zirkonioaren arrasto txikiei esker argitaratu dute Etnaren historia. Aztertutako bi laba zaharrenen jatorria mantua dela ikusi dute eta, beraz, orain arte esan den bezala, garai horietan behintzat argi dago Etna sumendi hawaiiarra zela. Aldiz, bi laba-mota gazteenetan plakako materiala atzeman dute. 7.000 urteko labaren zati txiki bat baino ez omen zen plakakoa eta 1999koan, berriz, laginaren erdia. Egia da, Sizilian ez dela plaka horien eraginez jarduera sismikorik sumatu, baina, nonbait, P.Schianok susmoak zituen.

Ikerketaren emaitzen arabera, Etnaren jarduera aldatzen joan dela esan daiteke. Sumendia duela 500.000 urte sortu zen eta bere jatorriarekiko fidela agertu da iparralderago gertatu den plaken migrazio jarraikiak eragin dion arte.

Gero eta leherketa arriskutsuagoak

Etnak beste sumendiek inoiz erakutsi ez duten trantsizioa erakutsi du; sumendi hawaiarra izatetik poliki-poliki sumendi estrusibo izatera pasatzen ari da.

Arazoa da, sumendi hawaiarren erupzioek ikuskizun paregabeak eskaintzen dituztela, baina arrisku gehiegirik gabe. Aldiz, bi plaka tektonikok elkar jo eta bata bestearen azpian sartzean sortutako erupzioaren ondorioz, solido gehiago jaurtitzen da eta arriskua ere handitu egiten da. Horrela, Europako eta Afrikako plaken milaka urteko migrazioak Etna gero eta leherkorragoa izatea azaltzen du, eta aurrerantzean ere bide beretik jarraituko duela ziurtatzen dute geologoek.

Puntako ikerketaren emaitzak aurkikuntza zientifiko handia dira, orain arte inoiz ez baita sumendi baten bi prozesuren arteko trantsiziorik frogatu ahal izan.

Hala ere, siziliarrak lasai egon daitezke, baita Etnaren ikuskizunak ikusteko parada izan ez dutenak ere. Izan ere, ez ahantzi, geologiaren denboraren eskala eta gurea ez direla parekoak.

7K-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia