Eterraren gorakada eta amilera
1994/07/01 Martin Axpe, Iñaki Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gaur egun eterra konposatu kimiko soil bat besterik ez da, baina Fisikaren historian zehar beti izan da eter izeneko substantzia miragarri bat: Jainkoa izaten hasi, eta ezer ere ez izaten amaitu zuena.
Eter hitza grekotik dator. Izan ere eter ατθηρ idazten da grekoz, eta ατθω (sutan egon) da bere erroa. Nahiko jatorri zuzena da, geroago ikusiko dugunez; historian zehar su eta argiarekin erlazionatuta egon baita.
Jainkoa
Jesukristo jaio baino bederatzi mende lehenago, eterra goiko zerua zen, hots, zeruan dakuskigun gorputz guztiek duten bizilekua. Filosofia agertzear zegoen artean eta ondorioz, munduaren azalpen eta deskribapena poeten esku zegoen.
Haietako batek, Hesiodo greziarrak, jainko guztien jaiotza kontatzen digu K. a. VIII. mendeko bere Teogonia liburuan. Jainko asko unibertsoko zati eta fenomenoak zirenez gero, teogonia kosmogonia bihurtzen da. Horrela gure eterra Eter bihurtzen da eta familia bat aurkitzen du: Hesiodoren arabera, Eter Nicte (Gaua) eta Erebo-ren (Ilunbearen) semea da, eta Hemera-ren (Egunaren) neba (ikus 1. irudia).
Baina poemetan bakoitzak nahi duena esan dezakeenez gero, denak ados ez egoteak ez gaitu harritu behar. Adibidez, Eter Kaos eta Kaligoren semea, Hemeraren senarra, eta Zeru, Itsaso, Lur eta besteren aita dela diosku Higinio greziarrak.
Zizeron erromatarrak, ordea, Jupiter eta Cælus-en aitatzat jotzen du, eta abar.
Aire sutsua
Eterraren senideak nortzuk izan litezkeen alde batera utzita, badakigu Homerok lehenengoz K. a. IX. mendean aipatu zuela. Eterra, haren arabera, ortze azpiko zeru sutsua, goiko atmosfera edo argi zerutiarra zen. Bestela esan, izarrak, planetak, Eguzkia eta Ilargia inguratzen dituen airea.
Antzinako greziar haientzat, urak itsasoak bete dituen bezala, eta aireak bizi garen espazioa bete duen era berean, zeruak eterrez beterik zeuden. Ikuspuntu honetatik, eterraren existentzia zalantzan jartzea uraren existentziaz duda egitea bezalakoa zen.
Bazela onartu ondoren, lehenengo filosofoek eterraren izaera azaltzeari ekin zioten. Enpedokles-en ustez (K. a. V. m.) lau ziren oinarrizko elementuak edo esentziak: lurra, ura, airea eta sua. Munduko gauza guztiak aipatu lau esentzien nahasketaz eratzen ziren. Lau esentzien proportzio ezberdinek gorputz edo materialen arteko ezberdintasunak azaltzen zituzten. Eterra, beraz, aire eta suaren nahastea zen.
Zertxobait geroago, K. a. IV. mendean, hala esanahia nola izaerak, aldaketa garrantzitsua izango zuten Aristoteleren eskutik.
Bostgarren esentzia
Aristotelek esfera bitan zatitu zuen mundua: ilargiazpiko eta ilargigaineko zatietan. Lehenengoa, aldakorra, ustelkorra, higidura zuzenekoa, eta lur, ur, aire eta suaz eginikoa zen. Ilargigaineko esferan, ostera, ez zegoen aldaketarik, ez usteldurarik, higidura zirkularra zeukan, eta, dakigunez, eterraz eginikoa zen.
Mundu biak hain ezberdinak izanik, ezinezkoa zen osagai berberez eginak izatea. Eterra ezin zitekeen aire eta suaren nahastea izan. Hark berak ere oinarrizko esentzia izan behar zuen: bostgarren esentzia, hain zuzen. Gainera ilargigaineko munduaren beharrei erantzuteko (betierekotasuna, perfektutasuna...), bostgarren esentzia hau (eterra) beste lauak baino hobea ei zen. Geroago hortik hartuko zuten alkimistek kintaesentziaren ideia.
Aristotelerekin eterra, alde batetik zeruko lehengaia da, baina, aldi berean, objektuak ikus ditzagun ortzetik datorkigun argi zerutiarra ere bai.
Eterrak, laburbilduz, materia arrunt guztia inguratzen du, baina ez dago esentzia arruntez eginda, bera bostgarren esentzia da eta.
Mistizismoa
Aristotelek esandako guztia eredutzat hartu zen Erdi Aroa amaitu arte, eta gainera, kristautasunaren eraginez, pentsamendua mistizismoz blai geratu zen. Beda Agurgarriak (VIII. m.), adibidez, zazpi zeru ikusten zituen Lurraren gainean: airearena, eterrarena, Olinpoarena, zeru igneoarena, astroena, aingeruena eta Hirutasun Sainduarena.
Ikusten dugunez, eterra beti hor zen. Baita alkimisten ereduetan ere, 2. irudian ikus daitekeenez.
Hutsaren betegaia
Erdi Aroaren amaieran errespetua galdu zitzaion Aristoteleri, eta bere ideiak utzi egin ziren. Eterrak, hala ere, osasuntsu zirauen, nahiz eta beharraz aldatu.
Ia hasieratik eterra hutsaren ideiarekin lotuta ibili da, baina hutsaren historiak artikulu osoa eskatuko luke. Beraz ez dugu hori sakonduko. Derragun Descartesen ustez (XVII. m.) huts diruditen espazioak eterrez aseta zeudela. Filosofo honen arabera eterrak ez zuen pisatzen eta higiduraren sorburua zen.
Gainera bolumen berdineko gorputzen pisu ezberdina azaltzen zuen: gutxien pisatzen zuenak eter gehiago zeukan, eta vice versa.
Espazio absolutua
Huygens holandarrak (XVII. m.) argia uhin moduan barreiatzen zela defendatzen zuen. Baina uhinek euskarriren bat behar dute barreiatzeko. Soinuak, adibidez, airea, ura edo beste zerbait behar du leku batetik bestera higitzeko. Baina izarren argia espazio hutsean zehar heltzen zaigu. Zein izan zitekeen argiaren euskarria? Huygens-en ustez espazio osoa betetzen zuen substantzia mehe eta elastiko batek egon behar zuen: eter izenekoak.
Newtonek (XVII. m.) ere eterra behar zuen. Newtonek ez zuen onartzen argia uhina zenik. Haren ustez zatikiz osatuta zegoen. Hala ere, bere grabitazio-teoriak kezka bat sortzen zion: nola zuten oso urruti zeuden bi gorputzek elkarren berri? Nola sentitzen zuten elkarrenganako erakarpena? Informazioa eramateko euskarriren bat behar zen, eta euskarri hura eterra zen.
Huygens eta Newtonen eterra ez zen jainkoa; ezta Aristotelerena bezalakoa ere, izarren lehengaia ez zelako. Baina artean ere, eterra ezin miragarriago zen: transluzidoa, marruskadurarik gabekoa, estatikoa, aldaezina, eta, bai izarrak eta bai planetak oztoporik gabe higi zitezkeen haren baitan.
Horiek horrela, XIX. mendea bukatzear zegoela, zientzilari guztiek onartzen zuten eterra. Berau izugarri arin eta malgua izateaz gain, espazio osoa betetzen zuen. Gainera, espazio absolutua zen: eter izeneko ingurune edo euskarri hura, dena estaltzen zuenez gero, erreferentzia absolutua zen unibertsoko gorputz guztientzat.
Eterraren amaiera
Eterraren historia zerutiarreko hogeitazortzi mendeak bukatu egin ziren, esperimentalki frogatzen saiatu zirenean.
Römer astronomo danimarkarrak (XVII. m.) proposatu zuen Lurraren abiadura eterrarekiko neurtzeko bide bat. Baina garai hartan teknologia ez zen esperientzia gauzatzeko bezain ona.
XIX. mendean, ordea, eterraren ezaugarriak zein ziren ez zegoen hain garbi. Alde batetik, Maxwell-en argiaren teoria elektromagnetikoak (1861) eterraren existentzia bermatzen zuen; baina bestetik zenbait behaketa optikok ezaugarri ezberdinak egozten zizkion. Fresnel frantziarrak Lurra eterrarekiko geldirik bide zegoela ikusi zuen 1818.ean. Horrek Lurrak eterra herresten eramaten zuela esan nahi zuen.
Fizeau-k herresta-koefizienterik bazegoela frogatu zuen 1851.ean (ikus 3. irudia).
Baina erabateko froga 1887. urtean helduko zen, Estatu Batuetako Michelson eta Morley fisikariek egin zuten esperimentu ospetsuaren bidez. Bertan Lurraren higidura eterrarekiko, espazio absolutuarekiko alegia, detektatu gura zuten. Esperimentuaren arrazonamenduaren oinarria honakoa zen: 1) argi-uhinen abiadurak euskarriarekiko (eterrarekiko) erlatiboak ziren; 2) Lurra eterran zehar higitzen da. Beraz eter-haizea sortzen da higiduraren kontrako norantzan; 3) argia haizearen norabidean higitzeak ala beste norabide ezberdinen batean higitzeak eragina izango du guk behatutako argiaren abiaduran.
Esperimentuaren funtsa 4. irudian adierazten da: igerilari bi dauzkagu; lehenengoak korrontearen norabidean igeri egiten du; bigarrenak, elkartzut. Korronterik egotekotan bigarrena lehenago helduko litzateke helmugara.
Esperimentua 5. irudian adierazten da. Merkurioz beteriko ontzi batera interferometroa sartu zen. Gailu honetan argi-izpi batek S-tik irteten du K-rantz. K beirara helduta, argi izpia bitan erdibanatzen da: zati bat I1 ispilurantz doa, eta bestea I2-rantz. Ispiluotan isladatzen dira eta K-rantz itzultzen dira. K beiran M2-tik datorrenak zuzen segitzen du T-raino, eta I1-etik datorrena ere T-ra heltzen da K beiran isladatu eta gero.
Izpi biek distantzia berdina ibili behar dute, baina eter-haizerik egotekotan bietako batek bestea baino lehenago heldu behar du T teleskopiora. Esperimentuaren emaitza, hala ere, erabatekoa izan zen: Ez zegoen eter-haizerik, eta, beraz, eterrarekiko Lurraren higidurarik ere ez. Gainera Lurrak eterra narrasteak are arazo korapilotsuagoa sortzen zuen. Eterra hilzorian zegoen.
Einstein-ek 1905. urtean Erlatibitate Bereziaren Teoria plazaratu zuenean, eter miragarriaren historia amaitu egin zen. Eterrik ez zegoen.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia