Estresaren hormona
1995/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Orain arte uste hutsa bazen ere, zenbait gaixotasun fisikoen eta estresaren artean lotura zuzena dagoela baieztatu dute EEBBetako Bethesda Ospitaleko ikerlariek. Zehatzago esanda, estres-egoerek hipotalamoko CHR hormona neurririk gabe askarazten dutela ondorioztatu du Ospitaleko ikerlari-taldeak, zenbait gaixotasun fisikoen eta psikikoen arteko lokarria zehaztuz. Lanerako hipotesi hutsa zena beraz, baieztatu egin da: estresa gaixotasun askoren jatorria da.
Ikerlarien esanetan, estres-egoeratan hipotalamoak CHR hormona askatzen du eta inmunologi sistemaren oinarrizko iharduerak aldarazten ditu. Hori horrela izanik, zenbait inpultso ez-ohizko agindu ditzake, hala nola, zenbait zelulen ugalketa. Minbiziaren jatorriari buruzko argibidea izan zitekeen azalpen hori, baina ikerlariek diotenez, asko falta da ondorio hori ontzat emateko. Alabaina, ikerketa horiek hurrengo urratsak norantz eman behar diren argitu dute eta ia zalantzarik gabe esan genezake CHR hormona hurrengo urteotarako erronka izango dela.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia