Estirenoa, uste baino arriskutsuagoa
2000/11/07 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Joan den astean Normandiatik gertu gertatutako istripuan Ievoli Sun ontziak 6.000 tona substantzia kimiko isuri zituen itsasora. Horietatik mila tona metil etil zetona eta beste mila isopropanola. Bi konposatu horiek ezin dira toxikotzat hartu. Izan ere, arraientzat hilgarria izateko 3 eta 10 g/l dosiak behar dira, hurrenez hurren. Hala eta guztiz ere, gogoeta egin beharko da bat-bateko isurketek desoreka ekologikorik eragiten ote duten zehazteko.
Gainerako beste 4.000 tonak oso kezkagarriak dira. Izan ere, polimeroak egiteko asko erabiltzen den estireno orban handia gelditu da itsasoan. Estirenoa edozein laborategitan kontuz ibiltzeko konposatutzat jotzen da. Molekula nolakoa den ikusi eta segituan kimikariek minbizia sor dezaketen substantzien tankera hartzen diote.
Itsasoko bizidunei eraso
Aipatu egin behar da 10 mg/l-tik gorako kontzentrazioa arraientzat hilgarria dela. Datu hori ez da batere lasaigarria. Behintzat, olioa izango balitz bezala, isuria flotatzen gelditu da, estirenoa itsasoko ura baino dentsitate txikiagokoa delako. Ezaugarri hori lagungarri suerta daiteke, oso molekula lurrunkorra baita eta, beraz, detektatzeko erraza. Hala eta guztiz ere, horrek ez du esan nahi substantzia arriskutsua ez denik. Bestalde, molekula biodegradagarria da. Horregatik ez da poluitzaile bortitzenen multzokotzat hartzen. Ondorio larriak ditu, baina iraunkortasun gutxiko molekula da. Izan ere, «A»tik «D»rainoko toxikotasun eskalan estirenoari «B» eman zaio.
Iragar litekeen beste prozesua polimerizazioa da. Hori gertatzen denean, erreakzioak solido zuria ematen du. Solido horrek ingurugiroan plastikoek duten ondorio berak izango lituzke. Dena dela, polimerizazioa gertatzea ez da erraza, beste hainbat konposatu behar izaten dituelako eta prozesu horren inhibitzaileekin batera garraiatzen ohi delako. Gainera, beste hainbat albo-erreakzio gerta litezke eguzkiaren argiaren eraginaren ondorioz. Beharbada epe luzean argira aterako dira ustekabeko ondorio ekologikoak. Erika petroliontziaren istripuak, duela urtebete gertatutakoak, beste mota bateko hondamena ekarri zuen, hondamen larriagoa, dudarik gabe. Baina Ievoli Sun ontziaren isurketaren efektua oraindik ez zaigu ezaguna eta auskalo zenbat itxaron beharko dugun jakiteko. Aztertzen dugunerako, agian ekosistema batzuentzat berandu izango da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia