Espero zitekeena baino askoz lehenagoko “narrasti” baten oinatzak aurkitu dituzte
2025/05/15 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Amnioto baten orain arteko oinatzik zaharrenak aurkitu dituzte Australian. Duela 356 milioi urtekoak dira, ustez amniotoak sortu zirena baino 35-40 milioi urte lehenagokoak. Nature aldizkarian argitaratu dute aurkikuntza.

Animalien eboluzioko urrats garrantzitsu bat da lau hankako animaliak, tetrapodoak, izan uretatik lehorrera pasa zirenekoa. Tetrapodo batzuek lurrean ugaltzeko gaitasuna hartu zuten, lehortzea saihesten zuen mintz bat zeukaten arrautzak garatuz. Amniotoak ziren horiek. Gaur egun, narrastiak, hegaztiak eta ugaztunak biltzen ditu talde horrek. Orain arte ezagutzen ziren amniotoen fosil zaharrenek 320 milioi urte inguru dituzte, eta horrek iradokitzen zuen amniotoek 90 milioi bat urte behar izan zituztela garatzeko, lehen tetrapodoak uretatik atera zirenetik. Aurkikuntza berri honen arabera, ordea, badirudi askoz azkarrago gertatu zela garapen hori.
Izan ere, Australian aurkitu dituzten oinatzak, ezagutzen ziren fosil zaharrenak baino 40 milioi urte lehenagokoak dira. Bi oinatz-multzo identifikatu dituzte; animalia berarenak izan litezkeela uste dute ikertzaileek. Arrastoek amnioto batek egin zituela adierazten duten erpe-markak dituzte. Zehazki, bost atzeko erpeek utzitako markak dira, eta animaliaren aurreko erpeak atzekoak baino apur bat txikiagoak ziren. Sauropsido primitibo batenak izan litezkeela uste dute (gaur egungo narrasti eta hegaztien arbasoak), eta oinatzen arteko tartearen arabera, 80 cm inguruko luzera izan zezakeela kalkulatu dute.
