Esperimentu eztabaidagarria ozeano irekian
2009/01/31 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Izenak ondo adierazten du proiektuaren muina: Indiak eta Alemaniak bultzatzen dute, eta itsasoa ongarritzea du helburu. Zehazki, itsasontzian 50 zientzialari daude, Europako hainbat herrialdetakoak (bat frantziarra da, eta bi, espainiarrak), txiletarrak eta indiarrak, eta itsasoa burdin sulfatoarekin ongarritzeak dituen ondorioak aztertzea da haien helburua.
Fitoplanktonak, haztean, uretan disolbatuta dagoen karbono dioxidoa hartzen du.
(Argazkia: NOAA)
Halako esperimentuak, ordea, ez daude baimenduta. Zientzialari batzuen ustez, itsasoa burdinatan aberastea lagungarria izan daiteke klima-aldaketari aurre egiteko. Izan ere, fitoplanktonak, planktonaren parte diren landare mikroskopiokoen multzoak, burdina behar du hazteko; burdina asko dagoenean, beraz, ugaritu egiten da. Eta, haztean, uretan dagoen karbono dioxidoa hartzen du, eta materia organiko bihurtzen du. Bestalde, uretako karbono dioxidoa atmosferakoarekin orekan dago; hortaz, fitoplanktonak karbono dioxidoa hartu ahala, atmosferakoa itsasora igarotzen da. Hala, atmosferan dagoen karbono dioxido kontzentrazioa gutxitu egiten da. Horregatik, prozesua bultzatzea klima-aldaketari aurre egiteko baliagarria izan daitekeela uste dute zientzialari batzuek.
Alabaina, fitoplanktonak materia organiko bihurtutako karbono dioxidoa ez da nahitaez itsasoan geratzen. Materia organiko hori hondoratzen bada, eta 3.000 metroko sakonerara iristen bada, karbono dioxidoa mendeetan geratzen da harrapatuta. Aitzitik, hondoratu beharrean, mikroorganismoek eta itsas animalia txikiek fitoplanktona jaten badute, karbono dioxidoa atmosferara askatzen da.
Horrenbestez, ez dago batere garbi ozeanoa burdinarekin ongarritzeak inolako mesederik egingo ote liokeen klimari. Are gehiago, ikertzaile batzuek uste dute halako esperimentuek arriskuan jartzen dutela itsas bizidunen arteko oreka, eta kalte handiak eragin ditzaketela itsas ekosisteman.
Badaezpada ere...
Izatez, azken hamabost urteetan esperimentu batzuk egin dituzte, baina, ez dutenez ondorio garbirik atera, iaz era horretako esperimentuak etetea erabaki zuen Nazio Batuen Erakundeak. Dibertsitate Biologikoko Hitzarmenaren bileran hartu zuten erabakia , eta 191 herrialdek sinatu zuten. Horien artean ez zeuden Estatu Batuak, baina bai Alemania.
Askoren iritziz, LOHAFEX proiektuak hitzarmen hori hausten du. Hitzarmenean badago salbuespen bat, eta, horren arabera, itsasertzean egin daitezke ongarritze-esperimentu txikiak. Oraingoa, ordea, ez da, ez itsasertzean, ez txikia: Atlantikoaren hego-ekialdean egingo dute, itsaso zabalean, eta sei tona burdin sulfato hauts bota behar dituzte 300 kilometro karratuko area batean.
Esperimentua zuzentzen duten ikertzaileen arabera, hondoratzen diren partikula organikoak neurtzea da helburua, batetik, eta, bestetik, itsas krustazeo txikietan (krillean) duen eragina aztertzea. Izan ere, esperimentua egin behar duten gunean % 80 gutxitu da krilla, eta horixe da, hain justu, bale, pinguino, itsas txakur eta beste itsas espezie batzuen elikagai nagusia.
Askorentzat, baina, esperimentua ez da onargarria, eta Alemaniako ingurumen-ministroak berak bertan behera uzteko eskatu du. Hala eta guztiz ere, proiektuaren arduradunek aurrera jarraitzen dute beren asmoarekin. Denborak erakutsiko du nola bukatuko den auzia. Edozein modutara, agerian geratu da klima-aldaketaren gaiaren atzean interes handiak daudela, eta, beraz, pentsatzekoa da eztabaida hau ez dela azkena izango.
Gara -n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia