}

Espaziorako egitura ultrarinak

2007/03/01 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa | Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Edozer gauza garraiatu behar dela ere, beti da interesgarria pisu gutxi eta bolumen txikia izatea. Garraioa espaziora egingo bada, interesgarriak ez, ezinbestekoak dira bi baldintza horiek. Donostiako Inasmet-Tecnalia ikerketa-zentroan espaziora begira jarri dira, eta egitura ultrarinak ikertu dituzte.
Espaziorako egitura ultrarinak
2007/03/01 | Kortabitarte Egiguren, Irati; Imaz Amiano, Eneko | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: I. Kortabitarte)

Egitura horiek egiteko karbono-zuntzezko ehuna eta polimero termoplastikoak erabiltzen dira; hau da, berotzean bigundu eta moldagarriak diren polimeroak, eta hoztutakoan zurrundu eta emandako forma gordetzen dutenak. Polimero termoplastikoak nahi bestetan berotu, moldatu eta hoztu daitezke hondatu gabe, eta ezaugarri hori beharrezkoa da espazioko materialak ikertzeko; izan ere, ezinbestekoa da probak behin eta berriz egitea.

Bi ehun-mota, bost polimero

Inasmet-Tecnalia ikerketa-zentroan, ESAren babesarekin eta beste hainbat erakunderen parte-hartzearekin gauzatutako proiektuan, bi ehun-mota eta bost polimero probatu dituzte. Ehunei dagokienez, ezaugarri mekaniko eta gramaje ezberdinetako bi karbono-zuntzekin lan egin dute. Polimeroei dagokienez, berriz, hiru polimero komertzial --poliamida, dentsitate altuko polietilenoa eta polipropilenoa--, eta neurrira formulatutako beste bi --polimetakrilatoa eta polikaprolaktona-- aztertu dituzte. Lehenengo hiru polimeroak film moduan erosi zituzten; azkenengo biak, berriz, bertan sintetizatu zituzten, neurrira formulatutako monomeroetatik abiatuta.

Probak egiteko, ehuna eta polimeroa hainbat modutan konbinatu, eta autoklabean sartzen dituzte laginak, presio eta tenperatura altuan eta hutsean, inpregnazio egokia lortzeko.

Inasmeten laginak berotu eta hoztean egoki bigundu eta gogortzen ote diren aztertu dute. Hainbat entsegu egin dituzte: entsegu mekanikoak, fisikoak, tolestura-entseguak, zahartze-entseguak eta abar. Ehun/polimero konbinazio posible guztiak aztertu dituzte, eta emaitzak ikusita, ehun eta polimero bana aukeratu dute: ezaugarri eta gramaje altueneko karbono-zuntzezko ehuna eta polikaprolaktona polimeroa. Hain zuzen, horiek dute jokaera egokiena espazioko kondizioetan.

Ehuna eta polimeroa hainbat modutan konbinatu, eta autoklabean sartzen dituzte laginak.
I. Kortabitarte

Eguzki-panelak

Material egokia aukeratu ondoren, probatu egin behar zen. Horretarako, eguzki-energiaren bidezko sorgailu bat diseinatu dute. Prototipoak hainbat zati finko ditu: bilgarriak diren eguzki-panel esperimentalak eta egiturari eutsiko dion beso eta masta moduko bat.

Masta hori da, hain zuzen ere, polimero termoplastikoz egina dagoena. Hainbat geruza ditu. Oinarrian, karbono- zuntzezko ehuna dauka, polimeroz inpregnatuta. Inguruan, ehun bero-emailea dago, behar denean polimeroa berotu eta biguntzeko. Gutxi gorabehera 70 ºC-raino berotzen dute. Hodiaren barrualdean, berriz, plastiko banatzailea dago, hodia tolestean oinarrizko ehuna itsatsita gera ez dadin. Azkenik, kanpoaldean, ingurunetik babesteko geruzak daude.

Egitura guztia tolestuta gordetzen da, eta hala bidaliko litzateke espaziora. Prototipoa zabaltzeko, korronte elektrikoa ematen zaio ehun bero-emaileari, eta horrek polimeroa biguntzen du. Orduan, airea ponpatzen da hodiaren barrura, gutxi gorabehera 0,3 barretan. Aireak puztu egiten du egitura, puxika bat balitz bezala. Jada puztu denean, korronte elektrikoa eten eta hoztu egiten da egitura. Eta, hoztean, polimeroa gogortu egiten denez, egitura zurrun geratzen da. Orduan, haizea ponpatzeari uzten zaio.

Espazioan, grabitaterik eta atmosferarik gabe, Lurrean baino errazago zabaltzen dela frogatu dute, kondizio horiek simulatzen dituen kamera berezian.

Espazioan, grabitaterik eta atmosferarik gabe, Lurrean baino errazago zabaltzen da prototipoa.
I. Kortabitarte

Nerea Markaide proiektu-arduradunaren esanean, "gauza arina eta ahula dirudi, baina kontuan izan behar da espazioan ez dagoela grabitaterik, ez dago Lurrean daukagun airearen pisurik". Hori guztia kontuan izanda, eta hainbat kalkulu eta entsegu egin ostean ikusi dute 'ahultasun' hori nahikoa dela.

Inasmet-Tecnaliaren helburua material egokia aurkitzea izan da, Europako Espazio Agentziaren proiektu zabalago baten barnean. Orain, ESAren esku dago materialari eman beharreko erabilera.

Kortabitarte Egiguren, Irati; Imaz Amiano, Eneko
3
229
2007
3
040
Teknologia; Materialak
Artikulua
48

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia