}

Espazioko indar misteriotsua

2001/05/23 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

70eko hamarkadan, NASAk Pioneer 10 eta 11 zundak bidali zituen eguzki-sistemara kontrako bi noraranzkotan. Ordutik, biek ere bide luzea egin badute ere, zundek betetako distantzia kalkulatutakoa baino askoz txikiagoa dela ikusi dute astronomoek.

NASAko ikertzaileek azterketa asko egin dituzte gertakari harrigarri horren jatorria zein den jakiteko, baina ez dute misterioa argitzea lortu.Diotenez, grabitatea baino indartsuagoa den indar batek motelarazten ditu zundak eta, Eguzkitik urrutiratzen ari den Pioneer 10aren kasuan, objektu ezezagun baten eraginez izango zela uste zuten. Baina kontrako noranzkoan doan Pioneer 11ren ibilbidea ikertzean berdin jokatzen zuela ikusi zuten.

Indar horrek, Eguzkirantz erakarriak bailiran, noranzko eta intentsitate berdinean eragiten die bi zundei. Gertakari horrek orain arte ziurtzat hartu diren hainbat lege fisiko berraztertzera eraman ditu zientzialariak. Batzuen ustez, agian, moteltzearen arrazoia grabitatearen aldaketa bat da.

Pioneer zundek urte hauetan datu baliagarri ugari bildu dituzte. Adibidez, haiei esker, Jupiter, Saturno eta beren ilargiak ezagutu ahal izan dira. Pioneer 11rekin zuten komunikazioa 1995. urtean eten zen, baina Neptunoren orbitan dagoen Pioneer 10ak ezuste handia eman zuen apirilean, horrek igorritako seinaleak Lurrean jaso ahal izan baitziren.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia