}

Espazioan ere, zaborra nonahi

2008/06/17 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

1957. urtean jaurti zuten lehenengo satelite artifiziala, eta, harrezkero, hainbat eta hainbat jarri dituzte Lurraren inguruan biraka. Bakoitzak bere betebeharra du bidaltzen dutenean, baina denbora-tarte batean baino ez dira erabilgarriak. Martxan jarri eta denbora batera, batzuk zahartu eta hondatu egiten dira, beste batzuei egin beharrekoa bukatzen zaie eta abar. Satelite asko dabiltza inongo zereginik gabe Lurraren inguruan biraka.
Irudi horren bidez Lurretik gertu dagoen hondar-kantitatea adierazi nahi izan dute
NASA

Europako Espazio Agentziak egindako kalkulu baten arabera, Lurraren inguruan bueltaka dabilen materialaren % 6 inguru baino ez dugu erabiltzen. Gainerakoa jadanik erabiltzen ez ditugun sateliteak, sateliteak orbitan jartzeko bidalitako koheteak eta espazio-ontzien leherketetan jaurtitako hondarrak dira.

Partikula batzuk txiki-txikiak dira (hala nola pintura-litsak), baina txikiak izateak ez du esan nahi kalterik eragiten ez dutenik. Abiadura handian mugitzen dira —segundoko sei kilometro inguru egiten dituzte—, eta horrek arriskutsu samar bihurtzen ditu, bai lanean dauden beste sateliteentzat, bai espazio-ontzi nahiz astronautentzat. Abiadura horretan, kalte handiak eragin ditzakete espazio-ontzien kontra jotzean.

Noski, zenbat eta handiagoa izan talka eragin duen partikula, orduan eta handiagoa da eragiten duen kaltea. Tripulatzaileak daramatzaten espazio-ontziak, ISSa, esate baterako, beren kontra doazen zabor-zati handiak saihesten ibiltzen dira; maniobrak egiten dituzte zabor-partikulen kontra ez jotzeko. Partikula txikiak, ordea, ezin dituzte hauteman, eta haien kontra talka egitea saihestezina da askotan. Espazio-transbordadoreek (Estatu Batuetan astronautak garraiatzeko erabiltzen dituzten ibilgailuak) zabor-partikula txikien talkek eragindako kratertxoak izaten dituzte askotan Lurrera itzulitakoan.

Garbitu dezagun espazioa

Hubble espazio teleskopioaren antena jo zuen zerbaitek utzitako arrastoa
NASA

Pentsatzekoa da zenbat eta satelite eta espazio-ontzi gehiago orbitan jarri orduan eta arriskutsuagoa izango dela Lurraren inguruan orbitatzea. Eta argi dago astronomoek sateliteak eta espazio-ontziak bidaltzen jarraituko dutela beren ikerketetarako. Ez dute nahi, ordea, Lurraren inguruko espazioa misioentzako leku arriskutsu bilakatzea, eta lanean hasi dira munduko espazio-agentzia guztiak.

Satelite batzuk Lurrerantz hurbildu dituzte, grabitatearen eraginez atmosferan sar daitezen. Azken batean, zenbat eta hurbilago egon Lurretik satelite bat, orduan eta eragin handiagoa izango du Lurraren grabitateak harengan, eta errazagoa izango da atmosferan sartzea. Atmosferan sartzen diren unean, asko suntsitu, desintegratu egiten dira, atmosferak eragiten dien marruskaduraren eraginez.

Beste batzuk, berriz, handiegiak dira atmosferan sartutakoan suntsitzeko, eta Lurra jotzeko arrisku oso handia dute. Horrelakorik gerta ez dadin, beraz, kontrakoa egiten dute objektu handiekin: Lurretik urruntzen dituzte. Egia esan, lortzen duten gauza bakarra da martxan dauden sateliteei trabarik ez egitea (ezin da esan oso konponbide txukuna denik).

Nazioarteko Espazio Estazioa (ISS) beren kontra doazen zabor-zati handiak saihesten ibiltzen da (Argazkia: NASA).

Bestalde, pentsatzen ari dira teknologia berriak erabiltzea sateliteak egiteko. Europako Espazio Agentzia, adibidez, satelite txiki-txikiak sortzen hasi da. Txikiak direnez, satelite askoz eratutako flotak bidaltzeko asmoa dute orain martxan dauden satelite handiak ordezkatzeko.

Satelite txikiek abantaila bat izango dute handien aurrean: egin beharreko lana bukatutakoan, desagerrarazi egingo dituzte atmosferan sartuta. Eta, hala, Lurraren inguruko espazioa garbiago egongo da. Gure astronauten eta sateliteen ongizatearen alde bakarrik bada ere, oso kontuan hartzeko gaia da hori.


Deia -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia