}

Espazio-portua papua ginea berrian

1993/08/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

strong>

Kapital pribatuak finantzatutako munduko lehen espazio-portua, Papua Ginea Berriko irla txiki batean eraiki liteke. Europako zenbait bankuk proiektua ordainduko dute.

Proiektuaren lehen fasean, Bismarck artxipelagoko Irlanda Berria irlaren aldameneko irlatxo batean espazio-portua bideragarria den aztertuko da sei hilabeteko epean. Bismarck artxipelagoa, Ginea Berriko irlatik 500 bat km iparraldera dago. Irla Ekuatoretik hegoaldera gradu gutxira dago eta tokia oso egokia da sateliteak orbita polar zein ekuatorial geoegonkorretan jartzeko.

Berriak erantzun gogorrak sortarazi ditu Australian. Izan ere, australiarrek antzeko azpiegitura antolatu gura dute, kontinentearen ipar-iparreko puntuan; York lurmuturrean, hain justu. Proiektu honen bultzatzaileetako batek, Richard McKinnon-ek hau esan du; Segundo batzuetan gogoeta egitea nahikoa da, Papua Ginea Berria espazio-portuak egiteko tokirik desegokiena dela ikusteko. Bestelakoak dira, Papua Ginea Berriko Paias Wingti lehen ministroaren adierazpenak: Espazio-portuak Papua Ginea Berria Munduko mapan jarriko luke.

Bideragarritasun-azterketaren kostua $20-30 milioi bitartekoa izango da eta espazio-portuarena, $1.000 milioi ingurukoa. Proiektuak aurrera egingo balu, 1997an izango litzateke lehen satelite-jaurtiketa. Itxuraz, Zenit kohete errusiarra erabili nahi da jaurtigailu moduan.

Proiektuak arazo askori egin beharko dio aurre. Alde batetik sinesgarritasuna jadetsi behar du, eta bestetik, balizko espazio-portua Ozeano Bareko iharduera sismikoko zonan egoteak ez dio mesede handirik egingo.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia