}

Eskorpioiak, ospe txarreko ezezagunak

2001/01/23 Elhuyar Zientzia

Armiarmekin batera, eskorpioiak animalia gaitzetsiak dira. Itsusiak eta arriskutsuak direla uste da, eztenkada mingarria dutelako eta kondizio batzuetan heriotza eragin dezaketelako.

Baina zer gehiago dakizu animalia horietaz? Ba al zenekien uretatik lehorrerako jauzia egiten arrakasta izan zuten lehen artropodoen artean eskorpioiak zeudela? Bada bai. Dinosauroak baino lehenago agertu ziren lur gainean eskorpioien arbasoak, hiru metro luze izan zitezkeen animaliak.

Eskorpioiak araknidoen klasekoak dira eta 1.500-2.000 espezie deskribatu dira. Gehienak eskualde tropikal eta subtropikaletan bizi dira eta leku idorrekin identifikatzen baditugu ere, oihan eta kobazulo hezeetan ere bizi dira. Ez dute ohitura ikusgarririk. Orduak eman ditzakete zuhaitz-enbor, lurrazal eta arroken azpian gordeta eta gehienak gautarrak dira. Bizialdiaren %2-97 gordelekuetan pasatzen dutela kalkulatu da.

Eskorpioiak planetako artropodo zaharrenak dira eta lurra konkistatzen lehenak izana ere litekeena da, duela 400 milioi existitu ziren itsas eskorpioien ondorengoak direla uste baita.

Animalia harrapariak dira eta intsektu txikiez elikatzen dira batik bat, nahiz eta batzuetan kanibalismoa praktikatzen duten. Teoria berritzaile batzuen arabera eskorpioien metabolismo motelean datza euren bizirautearen sekretua. Oso poliki erretzen omen dute energia eta beste animaliek baino gutxiago behar dute bizirik irauteko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia