}

Eskinko hiruhatza, ia hankarik ez duen saurioa

1993/05/01 Aihartza, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria

Euskal Herriko narrastiez ari garenean beti ere sugandila eta muskerrak batetik, eta sugeak bestetik datozkigu burura. Eta horren arrazoia garbia da: lehenak ugari eta ikuskorrak dira gure auzo hurbilenean ere, eta bigarrenen inguruan makina bat mito eta sineskeria dugu —gehienetan inolako arrazoirik gabe gainera—. Baina sugandila, musker eta sugeez gainera, gure Herrian badira beste narrasti batzuk ere.

Scincidae familia 85 jenerotan sailkatutako 1.300 espezie inguruz osaturiko talde zabala da, eta bertako kideak mundu osoko eskualde tropikal eta epeletan aurki daitezke: Ertamerikan, Iparramerikako erdialde eta hegoaldean, Hegoamerikako iparralde eta erdialdean, Afrika eta Ozeania osoan, Asiako hegoaldean, eta Europan, eskualde mediterraniarrean. Taldea horren zabala eta hedapen handikoa izanik, noski, eskinkoek habitat ezberdin anitz ustiatzea ez da harritzekoa. Horregatik oso ingurune desberdinetan aurki daitezke, basamortuetatik hasi eta oihanetaraino. Bestalde, hainbat espezie lurtar, beste zenbait arborikola, eta bizimodu industrialeko beste makina bat ere badugu.

Lehen begiradan ziraunaren antzeko narrasti luzeska da, guztira gehienez 40 cm-ko luzera izan dezakeelarik.

Euskal Herrian bizi den espezie bakarra eskinko hiruhatza (Chalcides chalcides) dugu. Lehen begiradan ziraunaren antzeko narrasti luzeska da eskinko hiruhatza, guztira gehienez 40 cm-ko luzera izan dezakeelarik. Animalia honen ezaugarririk bereizgarriena oso soinadar laburrak izatea da (hauek milimetro gutxiko luzera baitute) eta izenak dioenez, soinadar bakoitzean atzazalez hornitutako hiruna hatz mehe ditu.

Hain soinadar laburrak izanik ere, eskinko hiruhatzak jauzi egiteko ahalmena, eta irrist ibilera azkarra du. Dabilenean hankarik ia ezertarako ere erabiltzen ez duen arren, espezie liraina da oso, eta soin-enborra alde batera eta bestera higituz, eta lurzoruko zimur edo koskor oro euskarritzat hartuz, uhinen bidez azkar higitzen da, suge eta ziraunek egiten duten legez. Higidura-eredu hau eta soinadarren laburtasuna kontutan hartuz, ez da harritzekoa jendeak sarritan sugetzat hartu izana, baina gertuxeagotik begiratuz gero, betazalak dituela ohar gintezke, eta ezaugarri honek eskinkoen lazertidoekiko hurbiltasuna adierazten digu, era berean sugeengandik bereizten duelarik.

Bestalde, eskinko hiruhatzak ezkata leun txiki eta distiratsuz jantzia du soina bizkar aldean, sabel aldean ezkata handiagoak dituelarik. Gainera, eta koloreari dagokionez gris horiska, arre argia edota oliba arreska izaten du bizkarrean eta saihets aldean, soin osoan zehar luzetarako 9-11 lerro argixeago dituelarik. Sabel-aldea ordea, gris argia edo zuriska izan ohi du.

Animaliaren bizimoduari dagokionez, eta gure eskualdean bizi diren narrasti gehienetan gertatzen den legez, eskinko hiruhatza ere animalia eguargitar eta lurtarra da. Goizean, eta lehen argiek lurra zertxobait epeldua dutenean, bere babeslekutik irten eta eguzkitan jarri ohi da gozo-gozo. Soin-tenperatura egokia lortu duenean, bazka bilatzeari ekingo dio buru-belarri, eta intsektujale amorratua izanik, batez ere koleopteroak, araknidoak, lepidoptero-larbak, eta isopodoak, ortopteroak, dipteroak, eta abar harrapatzen ditu. Baina harrapakaria den arren, eskinkoak ez du inolako oldarkortasunik ageri, eta etsaitzat hartzen duen edozeren aurrean ihes egiten du ziztu bizian.

Animalia honen ezaugarririk bereizgarriena oso soinadar laburrak izatea da eta izenak dioenez, soinadar bakoitzean atzazalez hornitutako hiruna hatz mehe ditu.

Eskinkoaren araldia udaberrian hasten da, eta sasoi horretan borroka latzak izaten dira arren artean, emeak estaltzeko lehia bortitzean murgilduz. Gainerako eskinko askotan gertatzen den modura, eskinko hiruhatza ere obobibiparoa da, eta ondorioz, emea 4-15 kumez erdituko da udako azken asteetan. Jaioberriek 7 cm-ko luzera besterik ez dute izaten, baina munduratu orduko beren bideari ekin beharko diote bizitzaren erronkari eutsiz. Eta presaka ibili beharko dute gainera, ehizakia frango harrapatu eta indarrak metatu nahi badituzte. Izan ere eskinkoarentzat neguko letargia azkar hasten baita, eta apirila arte iraungo du, gure latitudean bizi diren narrastietan luzeena delarik.

Animaliaren banaketari dagokionez, eskinko hiruhatza espezie mediterraniarra dugu, eta Europako mendebaldean —Italian, Frantziako hegoaldean, Sardinian, Kortsikan, eta Iberiar penintsulan—, eta Afrikako iparraldean bizi da. Euskal Herriari dagokionez berriz, Araba eta Nafarroako eskualde mediterraniarretan populazio ugari eta hedatuak direla esan genezake. Bizkaiko kostaldean ere eremu estu bateko biztanlea da, ingurune-baldintza epel eta egokien arrimuan, baina bertako populazioak urri dira antza, eta horrek nolabaiteko ahaleginik eska dezake kontserbazioa bermatzeko.

Gure Herrian animalia honek hautatzen dituen bizilekuak beti ere altitude baxu edo ertainetan kokatzen dira, itsas mailatik hasi eta 1.000 m ingururaino. Eskinkoak nekazal alorrak eta larreak ditu gogokoen, eskualde mediterraniarrean lugorri eta beste zenbait habitatetan ere maiz aurki daitekeelarik. Kostaldean berriz, txilardi eta otadiak maite ditu, eta sarritan hauen eta larreen arteko mugetan topatzen da.

Fitxa teknikoa ESKINKO HIRUHATZA

Espeziea: Chalcides chalcides
Familia: Eskinkidoak
Ordena: Eskuamatuak
Klasea: Narrastiak

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia