}

Eskala zaindu

2023/11/15 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

eskala-zaindu
Arg. Pernan Goñi

Ez da erraza ulertzea zer dimentsio hartuko duten klima-larrialdiaren ondorioek, gugandik urruti gertatzen badira eta ez badira zuzenean pairatzen. Adibidez, zaila zaigu dimentsionatzea klima-aldaketaren ondorioz lehorteek zer-nolako goseteak ekarriko dituzten Afrikan. Ondorioez jabetzeko, eraginkorragoa da norberak gertuko senti ditzakeen adibideak erabiltzea.

Batez ere gazteentzat, urrutiko adibideak abstraktuak izaten dira, eta eraginkorragoa da ikus ditzaketen kasuak erabiltzea, errealitatearekin konektatzeko. Beren azalean sentitzen dituzten ondorioek egoeraren larritasuna ikusarazten diete, eta horren aurrean erantzukizunez jokatzera eraman. Beraz, ingurumen-larrialdiaz hitz egitean, hobe arazoen eta ondorioen tokian tokiko adibideak ematea.

Alabaina, irtenbideak proposatzean, garrantzitsua da eskalaz aldatzeko gaitasuna izatea. Izan ere, larrialdiak eskala planetarioa du, eta eskala lokalerako balio duenak ez du zertan baliagarri izan eskala globalerako, eta alderantziz. Galdera berak erantzun desberdinak ditu eskalaren arabera, eta proposamenek aintzat hartu behar dituzte planetako kultura, ekosistema eta egoera sozioekonomiko guztiak, irtenbidea eraginkorra izango bada.

Esaterako, Euskal Herritik proposatzen denak ez du zertan baliagarri izan Amazonas oihanean bizi direnentzat; edo Euskal Herrian bertan, Ipar Euskal Herrian garatutako politikek (izan laborantzaren eremuan, edo etxegintzan, edo euskaran…) ez dute zertan baliozkoak izan Hegoaldean. Era berean, ikuspegi urbanozentristatik proposatzen denak ez du balio landa-eremuetan, eta alderantziz.

Halaber, maila sozioekonomiko altuko jendeaz gain, aintzat hartu behar dira maila ekonomiko apaleko pertsonen beharrak eta errealitateak. Ez ahaztu pertsonen posta-kodeak kode genetikoak berak baino gehiago baldintzatzen duela; esaterako, osasunean. Bilbo Zaharretik eta Indautxura, adibidez, sei urteko aldea dago gizonezkoen bizi-esperantzan, eta hiru urtekoa emakumezkoen artean.

Edukietan sakontzeko, sakatu hemen.

Proiektu hau Elhuyarrek sustatu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren laguntza du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia