}

Erupzioak eta klima-aldaketa

2004/01/19 Elhuyar Zientzia

Adituek aspalditik dakite erupzio handiek kliman eragina dutela, atmosferara botatako errauts-geruzak eguzki-izpiak indar osoz pasatzea eragozten baitu. Horren adibide da Filipinetako Pinatuboren 1991ko erupzioa, munduko batez besteko tenperatura 0,25 gradu jaitsi zuen hainbat urtez.

Hori dela eta, supererupzioak planeta osoan negu hilgarria sortzeko gai izan litezkeela pentsatu izan da. Supererupzioak erupzio arruntak baino askoz handiagoak dira eta gutxi gorabehera 50.000 urtetik behin gertatzen dira. Aitzitik, ikertzaile batzuek proposatu dute haien eragina ez dela horren larria. Horretarako, duela 788.000 urte Toban (Indonesia) gertatutako supererupzioa ikertu dute, eta garai hartan Lurra berotzen ari zen. Haien ustez, nahiz eta errauts-geruzak nolabaiteko hoztea eragin, ez zen nahikoa izan berotzealdia eteteko eta glaziazioa eragiteko.

Bestalde, Alemanian, beste mota bateko erupzioak, erupzio globalak, klima-aldaketa hilgarriekin lotzen dituen ikerketa bat kaleratu dute. Aspaldi proposatu zen erupzio globalek suntsipen masiboekin lotura izan zezaketela, baina orain arte azaldu gabeko hainbat puntu zeuden. Ikerketa berriaren arabera, kontinenteak banatzen ari direnean gerta litezkeen sakoneko eztanda bolkanikoek asteroide baten inpaktuaren eragin bera izan lezakete, eta askatutako gas toxikoek eta ondoren gertatutako klima-aldaketak bizidunak desagertzea eragin lezakete.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia