Errusiar mendietan zorabiatzeko zorian
2001/07/15 Urresti, Igor - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Baina zer dago errusiar mendien oinarrian? Trenaren ibilbidearen tarte nagusian ez dago inolako motor edo energia-iturririk. Trena inertzia eta grabitatearen eragin soilez mugitzen da. Energia-ematea ibilbidearen hasiera-hasieran baino ez da gertatzen, trena malda nagusiaren gainera igoarazten denean.
Hortaz, lehenengo malda horren altuerak mugatuko dizkigu hurrengo pausoak. Hasteko, ezin izango dugu inolaz ere altuera berdineko beste tontorrik pasatu. Eta loopingak ditugun kasuetan, buruz behera gaudenean, grabitatearen indarrari kontra egiteko besteko abiadura behar izango dugu. Ibilbidean zehar marruskaduraren eraginez trena energia galtzen joaten da eta, azkenerako, gero eta tontor txikiagoak igotzen ditu.
Azken aurrerakuntzak
Bistakoa denez, trenek errailei jarraitzen diete bere ibilbidea osatzeko. Baina errusiar mendi zaharrek ohiko trenbideetako errailak zituzten eta, orain, altzairuzko ibilbide tubularrak erabiltzen dira gehienbat. Izenak berak dioenez, errail hauek altzairuzko bi hodi luzez osatutakoak dira. Hodi horiei pisu gutxiko superegitura batek eusten die, gehienetan altzairuzko zutabez eginak. Trenaren gurpilak poliuretanoz edo nylonez eginak izaten dira, eta errailen gainean doan gurpilaz gain, hodiaren bestaldean eta hodiaren alboetan korritzen duten gurpilak izaten dituzte. Diseinu horrek bagoiak bideari segurtasun osoz atxikitzen ditu eta hori ezinbestekoa da trenaren ibilbideak bihurguneak edo loopingak dituenean. Horrelako mendietan dabiltzan trenak, hortaz, ohiko trenen moduan errailen gainean edo buruz behera eskegita joan daitezke.
Bestalde, trenari hasierako energia emateko ohikoena kate bidez lehenengo gailurrera eramatea izaten den arren, azkenaldian sistema berriak jarri dira martxan. Horietarikoa da katapulta bidezko abiaraztea. Mota askotakoak daude, baina denek oinarri bera dute: abiatzeko unean trena tontor batera igo beharrean epe laburrean abiadura handian jartzen dute. Halakoetan, erabilienak indukzio linealeko motorrak dira. Horretarako, bi eremu magnetiko sortzen dira. Bata trenari lotuta eta bestea errailen parean. Motorraren bidez, errailean dagoena aurrerantz mugiarazten da, eta horrek trena erakartzen du ibilbidea osatzeko behar duen abiadura nahikoa eman arte.
Zirrararen arrazoia
Errusiar mendian goazela bi indar nagusik eragiten digute. Batetik grabitateak eta bestetik azelerazioak.Trena abiadura konstantez mugituko balitz, grabitatea baino ez genuke jasango; baina bagoia azeleratuz eta mantsotuz doanean, atzeko aulkiaren kontra edo aurreko barraren aurka eragiten diguten indarrak jasaten ditugu.
Adibidez, malda aldapatsuan behera azeleratuz goazela, hasieran grabitatearen eraginez erortzera aldeko indarrak jasaten ditugu, nahiz eta azelerazio-indarrak goraka eragiten hasten diren.Orduan, azelerazioa gehitzean, aurkako indarrak orekatzen dira eta ‘pisurik gabeko’ sentsazioa izaten dugu. Eta ondoren, azelerazio-indarrak grabitate-indarrari gailentzean, goranzko indarra sentitzen dugu. Une horietan, azpian balantza bagenu, gure pisua etengabe aldatu egiten dela ikusiko genuke.
Gainera gorputzeko zati bakoitza une desberdinetan azeleratzen da. Aulkiak hasieran bizkarraldea bultzatzen du, eta ondoren, bizkarraldeko muskuluek gorputzeko beste organoak mugiarazten dituzte, eta ez bakarrik eskuak edo burua. Barne-organo guztiak elkarri lotuta egon arren, batak besteari bultza egiten dio. Urdailean ere bat-batean pisu-aldaketak sentitzen ditugu, eta horrek sorrarazten du sabelean beheratze- edo presio-sentsazio hori.
Bestalde, gure gorputzak ezin du abiadurarik nabaritu! Azelerazioa eta abiadura-moteltzeak sentitzen ditu bakarrik. Hori dela eta, zirrara areagotzearren, diseinugileek ikusizko elementuak kokatzen dituzte, eta horrela, guregan abiaduraren sentsazioa sortzea lortzen dute.
Gehienetan, dena ere minutu luze bateko edo biko kontua da, baina sarri ez ahazteko horietakoa, ez al da hala?
ERRUSIAR MENDIAK ?
Nondik ote datorkie jolas-parkeetako trenei halako izen bitxia? Bada, dirudienez, jatorria Errusian omen dutelako. XVI eta XVII. mendeetan ohikoak ziren Errusian zurezko txirristak. Neguan, izoztuta zeudenean, eskailera bidez gora igo eta maldan behera abiatzen zen jendea arrapaladan. Zenbait enpresarik ideia Frantziara eraman zutenean izotza oso arin urtzen zenez, argizariz estalitako txirristak eraiki zituzten. Ondoren, 1817an, tren-bagoiak erabiltzen zituen lehenengo txirrista eraiki zuten Bellevillen eta "Russes à Belleville" (Bellevilleko errusiarrak) izena eman. Ondorengoa historia hurbila baino ez da.
7K-n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia