}

Errinozeronte beltza salbatu nahian

1993/08/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Errinozeronte beltzen populazioak beherantz egin du azken bi hamarkadetan. 1970. urtean 65.000 ale zeuden, 1989. urtean 4.000 eta orain 2.600 ale besterik ez.

Beherakadaren arrazoi nagusia ehiza da; ehiztariek errinozeronteen adarrak nahi baitituzte. Arrazoi honi aurre egiteko errinozeronteei adarrak moztea erabaki zen eta Afrikako zenbait estatutan proba batzuk egin izan dira. Errinozeronteei adarrak kenduz, estatuek adarren merkatua kontrolatzeko bidea dute, prezio-politika bat ezarriz.

Dena den, teoriatik praktikara aldaketa nabariak gertatu dira; zenbait estatuk negozio bideari ekin baitio, prezioak lehengoan mantenduz. Ondorioz, trafikatzaileek adarrak biltzen segitzerik izan dute.

Gainera, errinozeronteei adarrak kentzeko anestesia erabili behar da eta horren eraginez % 20ko heriotza tasa gertatu da. Horrez gain, aborto-tasa ere hazi egin da eta animalia harraparien aurrean defentsarik gabe geratzen da.

Arazo honen aurrean izugarrizko polemika dago, baina bitartean errinozeronteen populazioa urrituz doa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia