}

Erretiroa hartzeko garaia iritsi zaio Alvin itsaspekoari

2004/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

40 urte itsasoaren sekretuak agerrarazten eman eta gero, Alvin ordezkatzeko garaia da. 1.800 ikerketa egin ahal izan dira Alvin -ek bildutako datuei esker.

40 urte itsasoaren sekretuak agerrarazten eman eta gero, Alvin ordezkatzeko garaia da. Haren ondorengoa 2008rako izango da prest, eta 6.500 metroko sakonerara jaisteko gai izango da. Alvin , berriz, ez zen 4.500 metrotik behera jaisteko gai, baina, hala ere, 1.800 ikerketa egin ahal izan dira Alvin -ek bildutako datuei esker.

NOAA

Orain, ondorengoa bukatu eta lanean hasi zain daude ikertzaileak. Izan ere, Atlantikoko Kaiman mendikatea aztertzeko irrikatan daude. Mendikate hori 5.000 metroko sakoneran dago, eta ustez komunitate bentonikoak daude han.

Gainera, Alvin -ek ez bezala, itsas hondorako bidean, edozein sakoneratan egin ahal izango du lan; beraz, tarteko urak ere aztertzeko aukera emango du. Informazioa bidaltzeko sistema ere askoz hobea izango du.

Nolanahi ere, denak ez daude Alvin -en ondorengoaren alde. Izan ere, batzuen ustez gizakiak daramatzaten itsaspekoak ez dira beharrezkoak, datuak biltzeko robotak ere oso baliagarriak baitira. Gainera, robotak itsaspekoak baino merkeagoak dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia