Erresonantzia eta erradioterapia, batera
2009/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Herbehereetako Utrecht Unibertsitateko Zentro Medikoan lanean ari dira, erradioterapian erabiltzen diren fotoi-izpiak askoz zehatzago bideratzea lortzeko. Horretarako, erresonantzia magnetiko bidezko irudigintzan oinarritzen ari dira.
Frogatu dute badagoela bi teknika horiek batera erabiltzea, erresonantzia magnetikoa egiteko tresna eta erradioterapiarako erabiltzen den azeleragailua pixka bat egokituta. Batetik, erresonantzia magnetikoaren osagaiak aldatu dituzte, eremu magnetiko ahulagoa eragin dezan azeleragailua lanean ariko den eremuan; eta, bestetik, azeleragailuaren altzairuzko osagaiak magnetikoak ez diren batzuekin ordezkatu dituzte, erresonantzia magnetikoa egiteko tresnak sortzen duen eremu magnetikoak eraginik izan ez dezan.
Moldatutakoan, ikusi dute erresonantziako irudiak berdin-berdinak direla erradioterapiarako erradiazio-izpia martxan dagoenean eta ez dagoenean. Hala, frogatu dute erradiazioak ez duela inolako eraginik erresonantzian.
Erradioterapia-izpiari erresonantzia bidez jarraitzea lortuz gero, asko zehaztu ahal izango lukete tratamendua, eta, hala, albo-ondorioak gutxituko lituzkete eta kaltetutako ehunen ondoko ehun kalteberak irradiatzea saihestuko lukete.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia