Erregealdia betikotzeko trikimailua

Reticulitermes speratus termita-espeziean, termita erreginak ugalketa asexualera jotzen du bere erregealdia betikotzeko. Ondorio horretara iritsi da Japoniako Okayama Unibertsitateko entomologo-talde bat, espezie horretako hainbat termita-kolonia aztertuta. Hain zuzen, ikusi zuten kolonietan erregina bat baino gehiago egonda ere, eta guztiek arrautzak jarrita ere, ondorengo guztiek eme bakarraren gene-ekarpena zutela.

Termita erreginak zahartzen hasten direnean, bigarren mailako erreginak sortzeko arrautzak jartzen dituzte, haiek sor ditzaten termita langileak, soldaduak eta koloniako gainerako hierarkia-mailetako aleak emango dituzten arrautzak. Termita erregearekin ugaltzen dira termita horiek guztiak, bai erregina nagusia, bai bigarren mailakoak.

Reticulitermes speratus termitek bide bati jarraitzen diote bigarren mailako erreginak beren aitarekin elkartzeak eragingo lituzkeen odolkidetasun-arazoak saihesteko: erreginak partenogenesi bidez sortzen ditu bigarren mailako erreginak. Beraz, termita sortu berriak amaren berdin-berdinak dira genetikoki; amaren klonak, alegia. Nolabait, erreginak erregina izaten jarraitzen du baita hildakoan ere.

Irudia: K. Matsuura

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali