}

Erregealdia betikotzeko trikimailua

2009/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Erregealdia betikotzeko trikimailua
2009/06/01 | Elhuyar
(Argazkia: Kenji Matsuura)

Reticulitermes speratus termita-espeziean, termita erreginak ugalketa asexualera jotzen du bere erregealdia betikotzeko. Ondorio horretara iritsi da Japoniako Okayama Unibertsitateko entomologo-talde bat, espezie horretako hainbat termita-kolonia aztertuta. Hain zuzen, ikusi zuten kolonietan erregina bat baino gehiago egonda ere, eta guztiek arrautzak jarrita ere, ondorengo guztiek eme bakarraren gene-ekarpena zutela.

Termita erreginak zahartzen hasten direnean, bigarren mailako erreginak sortzeko arrautzak jartzen dituzte, haiek sor ditzaten termita langileak, soldaduak eta koloniako gainerako hierarkia-mailetako aleak emango dituzten arrautzak. Termita erregearekin ugaltzen dira termita horiek guztiak, bai erregina nagusia, bai bigarren mailakoak.

Reticulitermes speratus termitek bide bati jarraitzen diote bigarren mailako erreginak beren aitarekin elkartzeak eragingo lituzkeen odolkidetasun-arazoak saihesteko: erreginak partenogenesi bidez sortzen ditu bigarren mailako erreginak. Beraz, termita sortu berriak amaren berdin-berdinak dira genetikoki; amaren klonak, alegia. Nolabait, erreginak erregina izaten jarraitzen du, baita hil eta gero ere.

1
254
2009
6
017
Zoologia; Genetika
Albisteak
16

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia