}

Erraustegiak martxan jarrita

2004/10/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zaborra erretzeko instalazio bereziak dira erraustegiak. Eta instalazio horietan errauskailua da garrantzitsuena, han erretzen baitira hondakinak. Errauskailu-mota bat baino gehiago dagoen arren, hemen parrilladunak gailendu dira.
N. Pikabea

Zaborra errausteko lehen instalazioak 1970eko hamarkadan agertu ziren. Erraustegiak baino gehiago errauskailuak ziren, ordea, labea beste ezer ez baitzuten izaten. Zaborra erretzera mugatzen ziren, sortzen ziren gasei eta gerta zitezkeen isuriei inolako tratamendurik egin gabe. Labean zer sartzen ere ia ez zen kontuan hartzen. Denetarik erretzen zuten.

Ondorengo erraustegiek, berriz, apur bat aurreratu zuten, bazituzten errekuntzan sortutako gasetarako tratamenduak, nahiz eta ez izan oso eraginkorrak. 1990eko hamarkada arte iraun zuten horrelakoek.

Hortik aurrera, zaborren arazoa konpontzeko zabortegiak erabili izan dira batez ere. Dena den, azken urteetan, zabortegiek dituzten arazoen ondorioz
—gero eta toki handiagoa behar da, eta gas eta lixibiatu poluitzaileak sortzen dira—, hondakinak errausteko instalazioak ugaltzen ari dira. Hori bai, toki-arazorik ez duten leku askotan —Gaztelan adibidez— zabortegien irtenbideak lehentasuna izaten jarraitzen du.

XX. mendearen bukaeran sortutako erraustegiek, gasen tratamendua hobetzeaz gain, eraginkortasuna gehitu zioten bere zereginari: errekuntzaz baliatzen hasi ziren energia sortzeko. Dioxinekin eta gainerako gai toxikoekin, ordea, ez zuten ezer egiten.

Zaborra beste barik erretzetik, lehen eta bigarren belaunaldiko errauskailuak egitera pasa ziren.

Dioxinen tratamendua integratua duten erraustegiak, azken belaunaldikoak, XXI. mendearekin batera sortutakoak dira. Hemen horrelakoak egingo dituzte, baina horrekin ere ez daude konforme erraustegien aurkakoak; izan ere, segurtasun-neurrien eta ingurua eta osasuna babesteko neurrien eraginkortasunaren inguruko zalantza ugari daude.

Errausketa-prozesua

Zaborra erretzeko prozesua hondakinen bilketarekin hasten da. Errausteko instalazioetara industria-jatorriko hondakinak eta tratamendu mekaniko eta biologikoa jasan duten hiri-hondakinak iristen dira. Errausteko labeetan debekatuta dago gai ez-organikoak, leherkorrak eta erradioaktiboak erretzea.

Errausteko instalazioek harrera-toki bat eta hondakinak gordetzeko biltegi bat dituzte, hondakin-kantitatearen fluxua erregulatzeko. Garabien bidez, hondakinak errauskailuaren ahoan kokatzen dira. Zabalgarbin, Txingudin, zein Aritzetako erraustegian erabiliko diren errauskailuek hiru atal izango dituzte: parrilla, errekuntza nagusiko ganbera eta bigarren errekuntzako ganbera. Zaborrak parrillan jartzen dira, eta parrillan zehar, azpitik gora, errekuntzak behar dituen airea eta gainerako erregaia sartzen dira.

Parrilla duten errauskailuez aparte, errauskailu birakariak eta ohantze fluidizatuko sistema erabiltzen duten errauskailuak ere badira beste erraustegi batzuetan. Badirudi errauskailu birakariak egokiak direla zabor-kopuru txikiak erretzeko, baina ez zabor askorekin. Atmosferara igortzen diren emisioekin ere arazoak izan dituzte errauskailu birakariek. Ohantze fluidizatuko errauskailuetan, prozesuan parte hartzen duten zatikien arteko nahasketa hobea izaten da, baina erretzeko askoz ere bero handiagoa behar da. Arrazoi horiengatik egin da parrilladun erraustegien aldeko hautua.

Parrilladun errauskailuetan, errekuntza nagusiko ganberan erretzen dira hondakinak. Ura daramaten hodiak ezar daitezke labean, errekuntzaren beroaz ur-lurruna sortu eta, gero, lurrun hori turbina bat birarazteko erabili,elektrizitatea ekoizteko. Europako iparraldeko zenbait herrialdetan, berogailuetarako ere erabiltzen dute. Errekuntza-gasak bigarren errekuntzako ganberara igarotzen dira, eta han berriro erretzen dira.

Tutu eta iragazki ugari izaten dira erraustegietan.
N. Pikabea

Gutxienez 850 †C-ko tenperatura eduki behar dute gasek bigarren errekuntzako ganberatik ateratakoan. Hondakinen kloro-proportzioa % 1 baino handiagoa bada, berriz, tenperaturak gutxienez 1.200 †C izan beharko du prozesu horretan dioxina eta furanoen sorrera galarazteko. Gasek gutxienez bi segundoz egon beharko dute errekuntza-ganberan.

Ondoren, gasak eta partikulak arazketa-sistemara igarotzen dira. Han, gasen garbiketa egiten da uraren bidez. 1.200 †C-an dioxinak eta furanoak sortzea galarazten bada ere, hozteko prozesuan ere agertzen dira. Gero, berriro errez gero, baliteke substantzia horiek desagertzea; baina hori oraindik frogatzear dago.

Horren ondoren, iragazki batzuetan barrena iragaiten da gasa —ikatz aktiboa eta mahuka-iragazkia— eta partikulak harrapatuta gelditzen dira.

Errausketaren hondarrak

Gasak berekin zituen errauts horietan, iragazkietan gelditu diren horietan, dioxinak eta furanoak daude, oso toxikoak biak, eta, gainera, organismoetan metatu egiten dira. Beraz, errautsak kudeatu egin behar dira, hondakin berezi gisa, eta, tratatu ondoren, hondakindegira bidali behar dira.

Zabalgarbin ikerketa-proiektu pilotu bat egingo da errautsak aprobetxatu ahal izango diren edo ez jakiteko, baina oraindik ez dago horri buruzko daturik eta ez dago argi errautsekin zer egingo duten. Dirudienez, logikoena bildu eta tratamendu berezia egitea litzateke.

Erraustegi modernoetan errekuntzaren balio guztiak monitorizatzen dituzte, egun osoz.
N. Pikabea

Gasen eta uraren artean sortutako azidoak karearen edo sodaren bidez neutralizatu behar dira, eta, prozesu horretan ura eta gatza sortzen dira.

Errekuntzan, 1.100 eta 1.200 †C artean, hondarrak urtu egiten dira, eta ore antzeko material bat sortzen da. Hondar horiek metal astunen kontzentrazio handiak dituzte. Tenperatura jaistean, orea solidotu egiten da, mineralizazio-prozesuaren bidez. Hondarrok, zahartzeko tratamendu baten ondoren, errepideetako oinarrietan edo eraikuntzan material gisa erabil litezke.

Errausketa-prozesuak asko murrizten ditu hondakinen bolumena eta pisua, % 90 eta % 75, hurrenez hurren. Modu horretara, hondakindegietarako behar den lur-eremua txikiagotzea lortzen da. Gainera, ur beroa eta elektrizitatea lor daitezke, hau da, berreskuratu egin daiteke errekuntzaren energiaren parte bat.

Bestalde, errausketak ez ditu gai poluitzaileak suntsitzen, transformatu baizik. Beraz, poluitzaileak harrapatzeko eta geldotzeko sistema aproposak ezarri ezean, ingurumenak —gizakiak barne— pairatuko ditu ondorio kaltegarri larriak. Hortxe arazoa.


Zabalgarbi

Bizkaiko Zabalgarbi proiektuaren arabera, urtean 230.000 tona hondakin erreko dira. 90 MW-eko potentziako sorgailu elektriko bat elikatuko du errauskailuak. Energia elektrikoa sortzeko erabiltzen diren lehengaien % 33 hiri-hondakinak izango dira, eta gainerakoa erregai fosilak. 141 tona ur erabili beharko dira orduko. 9 tona zepa sortuko dira orduko, eta, errauts eta gasen kasuan, 1,1 tona. Bizkaian kontsumitzen den energia elektrikoaren % 15 sor liteke bertan. Instalazioa egiteko, 154 milioi euroko inbertsioa egin da, eta 20 urteko bizitza izango duela uste da.


Xabier Garmendia, erraustegietako txosten teknikoen idazlea

Erabakiaren gaineko iritzia


Xabier Garmendia
Industria-ingeniaria ikasketaz. 1991tik 1995era Eusko Jaurlaritzan aritu zen, Ingurumen sailburuorde. Politika utzi ondoren, ingurumen-aholkularitzako enpresa bat sortu zuen. Hondakinen kudeaketan eta birziklatze-gaietan aritzen da gehienbat. Gipuzkoako Hondakinen Planaren erredaktorea izan da, eta berak egin ditu San Markos Mankomunitateko planaren eta Txingudikoaren txosten teknikoak ere. Bizkaiko Hiri Hondakinen Kudeaketaren plan orokorra ere berak idatzi zuen (1997-2001); hain zuzen ere, plana berritzen ari da orain. (Argazkia: G. Roa).

“Eztabaidan kontuan hartu behar duguna da teknologia honek osasunari kalterik egiten dion edo ez. Teknologia hau kontrolatua da, heldua —Europan 200-300 instalazio daude dagoeneko—, eta osasun-administrazioek diote modu egokia dela hondakinak tratatzeko. Hemengo errealitateari begira, eta toki faltarekin dauden arazoak ikusita, uste dugu une honetan Gipuzkoarentzako eta Bizkaiarentzako erabaki onena erraustegia dela”.

Alternatibez

“Derrigorrezkoak eta beharrezkoak dira. Planifikazioa egitean, mahai gainean mota guztietako irtenbideak jarri behar dira. Puzzle bat da, eta puzzle horretan hiru pieza izango ditugu: prebentzioa, birziklatzea eta konposta egitea. Gelditzen direnak —eta gelditzen direnak bakarrik— joango dira errauskailuetara. Ehunekoetan noraino irits gaitezkeen? Prebentzioa, birziklatzea eta konpostajea batuz gero, % 40ra iristea lor dezakegu; gainerako % 60 beste tratamenduetara bideratu behar da, erraustegietara alegia”.

Hondakinez

“Atmosferari eta urari begira, une honetan dagoen araudiarekin, emisioak oso gutxi dira. Beste industria-sektore batzuekin konparatuta, askoz ere gutxiago, baita trafikoarekin konparatuta ere.

Orain hemen daukagun eztabaida duela 15/20 urte gertatu zen Europan, eta, hainbat ekintza eta eztabaidaren ondoren, araudia gogortzea erabaki zen. Emisioak asko jaitsi ziren, eta une honetan errauskailu modernoetako emisioak oso txikiak dira.

Gero hondakin solidoak daude: eskoriak eta errautsak. Eskoriei metal guztiak kentzen zaizkie. Erre ez diren hondakinak —normalean % 0,5— heltze-prozesu batean uzten dira —airean utzita denbora batez—. Hor erreakzio kimikoak gertatzen dira, eta material inerte bihurtzen dira; material hori obra zibiletan erabil daiteke.

Errauts toxikoak ere badaude. Errauskailu moderno batean dioxinaren balantzea egiten bada, bi balantze daude. Batetik, sartzen eta ateratzen diren dioxina- eta furano-kopuruak: sartzen dena irteten dena baino gehiago da —5 pikogramo/gramo eta 60 pikogramo/gramo artean—.

Eta, bestetik, atmosferara zenbat joaten den eta eskorian eta errautsetan zenbat geratzen den. Dauzkagun datuen arabera, % 1 tximiniatik ateratzen da, % 18 eskorian geratzen da eta % 80 errautsetan.

Osasunari begira, pertsona baten gorputzean dioxinen % 5 arnasa hartzean sartzen dira, eta % 95 elikagaietatik. Jendeak esaten duenean errauskailu baten ondoan bizitzea oso arriskutsua dela, kontuan hartu behar da zenbat toxiko irteten den eta irteten den hori nola sartzen den gorputzean.

G. Roa

Errauts toxikoak, pisuan, ez dira iristen hondakin guztien % 3ra, eta bolumenean % 1era. Txingudikoan urtero 2.500 tona aterako dituzte. Eta horiek bide normaletik kudeatu beharko dira, baimendutako kudeatzaile bati eramanda, hark egonkortu ditzan gero zabortegi berezietara eramateko.

Kontrolaz

Errekuntzaren balio denak monitorizatuak egongo dira egunean 24 orduz. Informazio hori erraustegietan bertan eta administrazioan jasoko dute. Bestalde, urtean sei aldiz kontrol eta neurketa zehatzagoak egingo dira.

Txingudi

Errausteko instalazioak eraikitzeko orduan, Txingudi Mankomunitatearen eta Hendaia udalerriaren zerbitzurako errausteko instalazioa Txingudin eraikitzea eta Gipuzkoako gainerako herrien zerbitzurako instalazioa Donostiako Aritzetan eraikitzea onartu da.

Txingudiko erraustegia Hondarribiko lurretan kokatuko da, Gaintxurizketa mendatera daraman bidearen ondoan, eta 8,5 Ha-ko azalera hartuko du. Txingudiko erraustegiak urtero 66.000 tona zabor erretzeko gaitasuna izango du, errauskailu bakarrean. Orduko 8,3 tona zabor erretzeko gauza izango da. 6 MWeko potentzia ekoitziko du.