}

Errauskailuen arriskuez ohartarazten du Greenpeacek

2001/05/15 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Greenpeace erakundeak dioenez, etxeko zaborrak errausteko arriskuak zientifikoki frogatu dira eta zabor-errauskailuetatik hurbil bizi direnek osasun-arazo larri gehiago izaten dituzte, besteak beste, minbizia eta bihotzeko gaixotasunak.

Britainia Handian, gai horren inguruko eztabaida sortu da, estatuak errauskailu gehiago eraikitzeko asmoa duela salatu baitu Greenpeacek. Errauskailuek eragiten dituzten osasun-arazoak, ordea, ezin dira ahaztu eta, jendea jakinaren gainean jartzeko, errauskailuek kanporatutako gai kimikoek sortutako kalteak azaltzen dituen txosten bat kaleratu dute.

Errauskailuen inguruan bizi direnek hainbat bidetatik jasotzen dituzte gai toxikoak, esate baterako, arnasketa bidez, poluitutako janariarekin edo azaleko kontaktu bidez. Horrela, alergiak eta arnasketa arazoak azaltzen dira, baina baita minbizi-mota batzuk, bihotzeko arazoak eta osasun-arazoak dituzten jaioberriak ere.Adibidez, 1974-87 bitartean, 70 udal zabor-errauskailu aztertu zituzten eta, 1953-80 bitartean, 307 ospitaletako hondakin-errauskailuetako datuak bildu zituzten. Horien arabera, inguruan bizi diren haurren minbizi-kasuek beste tokietakoenak bikoizten zituzten. Greenpeacen ustean, datu horiek guztiz esanguratsuak dira eta gobernuak neurriak hartu beharko lituzke.

Errauskailuek kanporatzen dituzten gai kimiko ohikoenak dioxinak, kadmioa, merkurioa eta beste partikula ñimiñoak dira. Errauskailu berriek, atmosferara partikula gutxiago botatzen badituzte ere, ez dute arazo gutxiago sortzen. Greenpeacek dioenez, orain partikula horiek errautsean daude. Horrela, errautsak lurperatzen dituztenean, lurra poluitzen dute.

Guzti hori kontuan izanda, Greenpeacek ingurugiroa babestuko duen politika-aldaketa eskatzen du, giza osasuna bermatzearren.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia