Erradiazioen kontrako babesa Bilbon aztergai

Erradiazioetatik Babesteko Espainiako Elkartearen (SEPR) IX Kongresua egin da aste honetan Bilboko Euskalduna Jauregian.

Izan ere, 2001eko abenduan atera zen Erradiazio Ionizatzaileen kontrako Babes Sanitariorako Araudi berria, eta horren inguruan jardun dute erradiazioaren kontrako babesean adituek maiatzaren 29, 30 eta 31n.

Araudi berriaren bidez, gehiago mugatu dira dosiak, barneko dosiak kalkulatzeko eredu metaboliko errealistagoak egin dira eta erradioaktibitate naturalari garrantzi handiagoa ematen hasi dira.

Besteak beste, honako hauek izan dira kongresuan egin diren hiru mahai-inguruotan landu diren gaiak: araudi berria martxan jartzerakoan sortu diren arazoak, langileen prestakuntza eta iturri erradiaktiboak sailkatu eta tratatzeko irizpideak. Bestalde, IRPA ko ( International Radiation Protection Association ) presidente Geoffrey A.M. Webb-ek araudi berriaren berraztertze kritikoa egin zuen atzo. Azken horren hitzetan, araudi berrian dosi kolektiboaren muga ahaztu barik, norbanako dosiak gehiago bereiztu beharra dago. Publiko orokorrari buruz hitz egiterakoan, sinplifikaziora ez, baizik eta diferentziaziora jotzea gomendatu zuen. Bestalde, ingurumenaren babesa ere araudian integratu beharko litzatekeela aipatu zuen.

Kongresuan parte hartu dutenen artean, besteak beste, erradiazioen kontrako babesaren inguruan lan egiten duten erakundeak, ospitaleetako profesionalak, hondakin erradiaktiboak kudeatzen dituzten enpresak eta zentral nuklearretako kideak bildu dira.

Lasa Iglesias, Aitziber

STEAM Hezkuntza arloko arduraduna Industria Ingeniaria, energia-tekniketan espezializatua (UPV/EHU) eta multimedia-ikasketak egina (UOC), Elhuyar Fundazioan dihardu 2002az geroztik, Zientziaren eta Teknologiaren gizarteratze-lanetan. Nagusiki haurrentzako eta gazteentzako proiektuetan ibilia, lehiaketak, aldizkariak eta bestelako proiektuak jarri ditu martxan Elhuyarren. 2006tik 2010era arte, BTEK Teknologiaren Interpretazio Zentroaren proiektu museologikoaren eta museografikoaren koordinatzailea izan da. Gaur egun, museografiaren ardura du Elhuyar Fundazioan, zientzia-zerbitzu espezializatuen eremuan.

Proiektu berrien diseinuaz gain, publiko desberdinei zuzendutako hainbat proiekturen ohiko kolaboratzaile ere bada gaur egun.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Osasuna