}

Erradiazioarekiko erresistentziaren gakoa

2003/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Deinococcus radiodurans bakterioa gainerako bizidunak baino askoz ere erradiazio-dosi altuagoak jasateko gai da. Hain zuzen ere, normalean 10 gray hilgarriak izaten dira, baina bakterio horri 15.000 gray-k ere ez diote inolako kalterik egiten. Nonbait, bere DNAn gertatzen diren kalteak konpontzeko ikaragarrizko gaitasuna du bakterioak. Zientzialari batzuen ustez, morfologiari edo itxurari zor dio erresistentzia Deinococcus radiodurans bakterioak, neurri batean behintzat.

Israelgo Weizmann Institutuan egindako ikerketa batean ikusi dute bakterioaren genomak donuts-itxura duela eta genoma beraren lau kopia dituela, bakoitza konpartimentu batean. Genoma nola konpontzen den aztertzeko, berriz, milaka bakterio dosi altuen pean jarri eta konpontze-mekanismoaren faseak aztertu dituzte. Horrela jakin dute lehen fasean lau kopiek eutsi egiten diotela donuts-itxurari.

Bigarren fasean, berriz, genoma hedatu egiten da, eta kopia bakoitzak bere buruaren zatiak bidaltzen ditu gainerako konpartimentuetara. Zati horiek beste kopiekin nahasten dira, eta kaltetutako tokiak konpondu egiten dira. Izan ere, ia ezinezkoa da lau kopietan toki berberetan gertatzea kalteak, eta kaltetu gabe dauden kopien zatiek beste konpartimentuan kaltetuak izan direnak konpon ditzakete.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia