}

Erradiazioa maila kaltegarrira iritsi da Japonian

2011/03/15 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

(Martxoaren 15ean eguneratuta)
Lurrikara batek eta ondorengo tsunamiak hondamendia sortu eta 5 egunetara, erradiazio nuklearra "maila kaltegarrietara" iritsi dela aitortu du Japoniako gobernuak.
Fukushima Dai-ichi zentral nuklearra. martxoaren 14ko argazkia
Iturria: DigitalGlobe

Erradiazioaren jatorria Fukushima Daiichi zentral nuklearra da, seguru asko 4. erreaktorea. Neurketek, beraz, agerian utzi dute, erreaktorearen eraikina pitzatuta egon ala ez (oraingoz ez baitute pitzatuta dagoela ofizialki esan), erradioaktibitateak kanpora iristeko bidea topatu duela, aditu baikorrenek hasiera batean uste zutenaren aurka.

Dena dela, agintariek ez dute gaur arte itxaron biztanleen osasuna babesteko neurriak hartzen hasteko. Hain zuzen, atzorako 10 km-ko perimetroa jendez hustu zuten, eta gero 30 km-ra zabaldu dute ebakuazio-eremua. Zentralean ere larrialdiko zerbitzuei aurre egiteko ezinbestekoak diren langileak baino ez dira gelditu. Horrez gain, osasun-zerbitzuek iodo-dosiak banatu dituzte, gorputzak aldaera erradioaktiboa xurgatzea saihesteko.

Izan ere, Fukushimaren kasuan, bi partikula erradioaktibo dira kezkagarrienak, iodo-131 eta zesio-137 isotopoak. Lehenak beta-erradiazioa igortzen du, hau da, atomoak elektroi bat askatzen du. Bigarrenak, berriz, gamma-erradiazioa igortzen du; horrek esan nahi du X izpiak edo gamma-izpiak igortzen dituela. Biak ere ionizatzaileak dira; beraz, kaltegarriak osasunerako.

Jasotako erradiazio-maila ertaina bada, lehen sintomak goragalea eta ondoeza dira. Erradiazioaren menpe ordu batzuk egon ondoren azaltzen dira, eta jarraian ohikoa da beherakoa, buruko mina eta sukarra izatea. Sintoma horiek gainditu ondoren, itxura batean, ez da gaitzik azaltzen, baina aste batzuk geroago berriro azal daitezke sintoma berberak.

Erradiazio-maila handia bada, berriz, sintomak askoz ere larriagoak dira, eta kalteak agerikoak dira, baita barruko organoetan ere. Adituen arabera, 4 gray-ko dosi bat nahikoa da heldu osasuntsuen erdiak hiltzeko, eta gogorarazi dute minbiziaren tratamenduetan 1-7 gray-ko dosiak erabiltzen direla, baina kontrolpean, eta eremu mugatuan. Bestalde, haurrak helduak baino kalteberagoak dira.

Epe luzera, erradioaktibitateak mutazioak eragiten ditu zelulen DNAn; horren ondorioz, minbizia garatzeko arriskua asko handitzen da. Arrisku handiena iodo erradioaktiboak sortzen du: hura barneratuz gero, tiroide-minbizia azaltzen da. Horrez gain, bereziki kalteberak dira hesteetako eta urdaileko zelulak, eta odol-zelulen jatorri den hezur-muina.

Halaber, erradiazioak ugaltze-zelulei ere eragin diezaiekeenez, ondorioak hurrengo belaunaldietan ere azal daitezke. Hain juxtu, Japonian ederki dakite hori, II. Mundu Gerraren ondoren, ohi baino haur gehiago jaio baitziren malfomazioekin, eta gauza bera gertatu da Txernobilen inguruan.

Erradioaktibitateari ihes egitea ez da erraza. Hala ere, iodo-131aren erdibizitza 8 egunekoa da; hori bai, zesio-137arena 30 urtekoa da.

Informazio gehigarria Japoniako istripu nuklearra jarraitzeko, eta energia nuklearrari buruz:

Japoniako istripuaz eta energia nuklearraz

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia