Erradiazio naturala eta arriskua
2000/04/25 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Segundoan behin 100 izpi kosmikoren erasoak zeharkatzen gaitu. Arnasa hartzean, jaterakoan eta edaterakoan atomo erradioaktiboak barneratzen ditugu. Hau guztiz naturala da.
Erradiazioa energia handia duten hainbat partikulaz osatuta dago. Gorputza zeharkatzerakoan, erradiazioak alda edo honda dezake zelulen barruko makineria. Intentsitate handietan zelulak akaba ditzake. Intentsitate baxuetan hondatutako proteinak eta beste molekulak ordezkatu egiten dira, besterik gabe.
Eragin genetikoa
Kode genetikoan eragin handia du erradiazioak. ADNren kate luzeak apur ditzake. Ionizatutako uraren aztarnak ere utz dezake bere bidean. Gene garrantzitsuetan eragiten duenean, zelula hori hiltzea gerta daiteke. Hazkuntzarekin zerikusia duen gene bat hondatzen bada, zelula hori etengabe erdibitzen has daiteke eta tumorea osa lezake.
Bainak zelulek badute ADN konpontzeko sistema. Erradiaziorik ez dagoenean ere, zelularen barruan sortzen diren erradikal askeen erasoari aurre egin behar diote. Zelula bera, neurri batean, gai da sortzen diren akatsak eta arazoak konpontzeko. Gainera, zenbait kasutan, zelula «programatuta» dago bere buruaz beste egiteko. Horrela, tumoreak sortzearen kontrako prebentzio sistema badaukate.
Zientzialari batzuk esaten dute erradiazioaren dosi minimoa dagoela. Dosi horren azpitik egonda, ia ez dago batere probabilitaterik minbizia sortzeko.
Beste batzuen iritziz, aldiz, erradiazio txikiak minbizia sortzeko probabilitate txikia du, baina badu. Kontuan hartu behar da mota ezberdinetako erradiazioak neurri ezberdineko eragina duela. Beta partikulak oso eraginkorrak dira eta dosi txikietan dira arriskutsuak. Neutroien dosia handia behar da arriskupean egoteko eta alfa partikulen kasuan oraindik ere handiagoa.
Gorputzaren erresistentzia mapa
Bestalde, gorputzaren organo bakoitzak erradiazioa zurgatzeko ahalmen ezberdina du. Adibidez, arriskutsuagoa da erradiazio dosi bat biriketan jasotzea gibelean baino. Erradiazioa zurgatzeko ahalmen hori organo bakoitzean faktore batek neurtzen du. Birikek gibelak baino bi aldiz handiagoa dute faktore hori.
Garbi dagoena da erradiazioa bat-bateko oso dosi handietan jasotzeak hondamen genetikoa ekartzen duela, ondorengoak ere jasoko duena. Hori gertatu zen, adibidez, Hiroshimako eta Nagasakiko bonben ondorioz, bai eta Chenobylgo zentralaren istripuaren ondorioz ere.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia