Eros asteroidearen sekretuak NEARen eskutik
2000/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Izena ere aldatu dioten NEAR espazio-ontziak egin dituen azterketek lehen emaitzak eskaini dituzte. Emaitza horiek EROS asteroidearen egitura eta konposizioa zein den argitu dute.
Espazio-ontzia 200 km-ko orbitatik laser eta X izpizko neurketak egiten aritu da eta neurketa horiei esker egitura geologiko ugari identifikatu dituzte ikertzaileek asteroidearen azalean. Besteak beste, talka-kraterrak, pitzadurak eta harkaitzak. Ikertzaileen ustez, egitura geologiko horiek Eros baino tamaina handiagoko objektuaren banaketaren lorratzak dira eta, beraz, horien azterketak asteroidearen jatorria zein den argitu dezake.
Teoria batzuen arabera, Eros eta asteroide-gerrikoan dauden beste asteroide guztiak, suntsitutako planeta baten aztarnak dira. NEAR espazio-ontziaren neurketek teoria hau zuzen dagoen ala ez jakiteko balioko dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia