}

Erloju biologikoak sinkronizatu!

2004/08/01 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Zergatik batzuetan gorputzeko ordulariak ez dio jaramonik egiten eskumuturrekoari? Gauean begirik ezin itxi eta goizean loak erreta joan behar lanera. Egoera horren eragilea gorputzean bertan, geneetan, egon daiteke.
Nerabeak berez dira gautxoriak, eta, horregatik, ohikoa izaten da lehenengo eskola-orduan erdi-lo egotea.

Jakina da kanpoko faktore askok dutela eragina loan. Kezkek, gehiegizko nekeak edo lotarako giro egokia ez edukitzeak, esate baterako, lo lasai egitea eragozten dute. Horregatik, lo ondo egin nahi bada, oroitzapen goxoak buruan izatea komeni da, oheratu baino ordu batzuk lehenago afari arina egitea, eta logela isila, iluna eta ondo aireztatua izatea.

Baina aholku horiei guztiei jarraituta ere, bada berez gautxoria den jendea. Horiek askoz ere aktiboagoak izaten dira iluntzean egunsentian baino. Eta, alderantziz, bada goizeko lehenengo orduetan gainerakoetan baino ernaiago egoten denik. Hau da, erloju biologiko guztiak ez dira eguneko argiarekin sinkronizatuta egoten.

Adituek diotenaren arabera, gautxoria edo goiztiarra izatea geneetan idatzita dago. Loarekin erlazionatuta dauden hiru bat gene ezagutzen dira, eta horietako bat -Per3 deiturikoa- ohi baino laburragoa izateak gautxoria izateko joera markatzen omen du, eta, alderantziz, luzeagoak goiztiarra izatekoa.

Giza gorputzak egunero doitzen du bere erloju biologikoa eguneko argiaren arabera. Baina doitze hori gogorragoa egiten zaie 24 orduko zikloa baino luzeagoa izateko joera dutenei, gautxoriei, alegia; eta, gainerakoei baino gehiago kostatzen zaie goizean esnatzea.

Jetlag-ak jota

Eta zu zer zara: goiztiarra ala gautxoria?

Urrutiko herrialde batera bidaiatutakoan ere antzerako arazo bat gertatzen da. Izan ere, ordutegia desberdina da: han egunez denean gorputzarentzat gaua da, eta alderantziz. Gorputzeko erloju biologikoa hango ordutegira egokitzen saiatzen da, baina ohikoa izaten da lehenengo egunetan egunez logaleak egotea eta gauez lo hartu ezinik ibiltzea.

Ordutegi-aldaketak sortzen duen ondoeza konpontzeko bada botika bat: melatonina. Gorputzak naturalki sortzen duen hormona bat da berez, eta loarekin duen harremana dela eta, loaren hormona ere deitzen zaio. Era egokian hartuta, loaldia gauarekin sinkronizatzen laguntzen du.

Baina, esan bezala, gorputzak naturalki egiten du sinkronizazio hori, eguneko argia erabiltzen du horretarako. Argiak lo-esna zikloan duen eraginaren xehetasun molekular guztiak ez dira ezagutzen; baina, dirudienez, eta azaletik azalduta, egun-argitan egon ondoren, gaueko loaldian ekoizten da melatonina, eta konposatu hori lo sakonarekin lotuta dagoela uste da.

Lo sakonarekin amesten dutenak asko dira, esna daudela amestu ere. Adineko pertsonek, esate baterako, gazteek baino arazo gehiago izaten dute gau osoko loa egiteko. Alzheimerren gaixotasuna dutenek, berriz, erloju biologikoko ordua aldatuta izaten dute; eta, askotan, gauez oso aktibo egoten dira, zaindu behar duena logurak amorratzen dagoen bitartean.

Iratzargailuak jo arren ezin esnatu, hori bai dela amesgaiztoa!

Bada, argiak loan duen eragina ikertzeko, zaharren egoitzak eta Alzheimerren gaixotasuna dutenenak erabili izan dira. Eta emaitzak nahiko garbiak dira antza: egunez argitan egoten direnek gauez hobeto egiten dute lo. Beraz, argiak loarekin zerikusi zuzen-zuzena dauka.

Emaitza horiek ikusita, zenbait lantegitan ere argiarekin jokatu nahian dabiltza gaueko txanda egiten dutenek lo-arazo gutxiago izan ditzaten. Izan ere, lana gauez egiten dutenez eta egunez lo, ordutegia iraulita dute; eta, askotan, ohikoa baino ordu gutxiago egiten dute lo langile horiek. Bada, gaueko txandetan argia nola erabili ikertzen ari dira, eta, besteak beste, Volkswagen-eko fabrika batean ohikoa baino argi gehiago jarrita langileek nola erantzuten duten aztertzen dihardute; horrela gorputzaren ordularia ‘engainatuko’ dutela espero dute, eta langileek egunez lo hobeto egiteaz gain, gauez aktiboago egongo direla espero dute, lan gehiago egin dezaten, noski.

Goizean goiz klasera joaten diren nerabeek ere lo-arazoak izaten dituzte; izan ere, nerabe gehienak gautxoriak dira berez, eta zaila da goizeko lehenengo orduan irakasleak dioenari adi egotea. Eguneko lehenengo orduetan ikasleen errendimendua txikiagoa da; azken finean, ordutegi-arazo bat dago. Agian ikastetxeetako ordutegia nerabeen ordulari biologikora egokitu beharko litzateke.

Era berean, zenbait tokitan hasi dira eztabaidatzen ordutegiak ez ote diren pertsona bakoitzaren erloju biologikora egokitu behar, laneko orduetan ahalik eta argien egon dadin langilea, edo ikaslea. Borroka horretan gogor dihardutenak biologo zirkadianoak dira, 24 orduko zikloak aztertzen dituztenak, alegia. Izan ere, biologo horiek urteak daramatzate egunaren eta gauaren zikloak loarekin duen erlazioa ikertzen.

Gaueko txandan lan egitea bereziki gogorra da egunez egin behar izaten delako lo.

Ikerketa horien arabera, esaterako, jakina da gazteak, oro har, nerabezaroan batez ere, aktiboagoak direla iluntzean; eta adineko pertsonak alderantziz: oso goiztiarrak izan ohi dira. Hala ere, pertsona bakoitzak bere ordutegia du; izan ere, eguneroko bizitzako zikloa 24 ordukoa dela ezarrita dagoen arren, pertsona baten zikloa 24 ordukoa baino laburragoa zein luzeagoa izan daiteke, eta arazo asko hortik datoz, alegia, norberaren zikloa egunerokora egokitzeko zailtasunetik.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia