}

Erleek kafe gehiago ekoizten laguntzen dute

2002/06/13 Elhuyar Zientzia

Afrikatik mundu osora hedatu den Coffea arabica kafe-landareak % 50 uzta handiagoa ematen omen du polinizazioan erleek parte hartzen dutenean. Garai batean, kafea inguruan eta gainean beste landare batzuk zituela hazten zen. Eta landareekin batera, txoriak eta intsektuak bizi ziren. Horien artean, erleak. Gaur egun, ordea, kafea modu intentsiboan egiten da, kafea baino ez dagoen eremuetan eta autopolinizazio bidez.

Panamako Ikerketa Tropikalen Smithsonian Institutuko David Roubik-ek bi urteko 50 kafe-landare aztertu ditu nekazaritza intentsiboak produkzioan duen eraginaz kezkatuta; izan ere, zenbait lekutan uzta urritu egin da azkeneko urteetan. Eta, hara non, erleek kafe-landareen emankortasunean uste baino eragin handiagoa dutela ikusi duen. Baina ez edozein erlek, Afrikako erleak omen dira onenak. Ez afrikakoak direlako, kolonia sozialetan bizi direlako, baizik.

David Roubik-en arabera, Afrikako erleek Latinoamerika kolonizatu zuten garaian kafearen uzta ugaritu egin zen eta kausa-efektuzko gertakaria izan daitekeela uste du. Karibeko uharteetako eta kontineneteko datuak konparatuz behintzat –uharteetan ez dago apenas halako erle-koloniarik–, badirudi erleak dauden lekuetan emaitzak hobeak direla.

Kafearen merkatua ikaragarri garrantzitsua da eta, Roubik-en iritziz, prezioak baxu samar daudela kontuan hartuz, baliteke ekoizleek erleen faktorea kontuan hartu eta nekazaritza ekologikoago baten alde lanean hastea. Izan ere, eguzkipean hazitako kafeak itzalean hazitakoak baino gustu txarragoa ere badu.

Informazio gehiago:
Nature aldizkariaren web gunean

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia