Caroline Hamptonek ezin zuen gehiago. Asko maite zuen bere lana, baina ezin zuen esku eta besaurreetako min hura jasan. Egunero ebakuntza-gelara sartu aurretik eskuak desinfektatzeko erabili behar zituzten antiseptiko haiek gogorregiak ziren haren azalarentzat. Erupzioak eta ekzemak sortu zitzaizkion, azala erortzen ari zitzaion.
Erizain gaztea zen Hampton. Lau urte lehenago, 1885ean, familiaren asmoen aurka eginez, New Yorkeko erizaintza-eskolan sartu zen. 1889an Johns Hopkins ospitalea ireki zenean (Baltimore), han hasi zen lanean, William Halsted zirujau ospetsuaren taldean. Hark berehala ikusi zituen Hamptonen dohainak, eta erizain nagusi izendatu zuen.
Halsted ez zen edozein. Garaiko zirujau onenetako bat izatearen ospea zuen. AEBko lehenengoetako odol-transfusioa hark egin zuen, 1880an. Arreba erditu berria ikustera joan zenean, hiltzeko zorian aurkitu zuen, odol gehiegi galduta. Bere odola atera eta arrebari sartu zion, eta, ondoren, ebakuntza bat eginez bizitza salbatu zion. Handik urte pare batera, amari egin zion beste ebakuntza bat; behazun-kolikoak jota zegoen, eta haren sukaldeko mahaian, goizaldeko ordu bietan, erauzi zion behazun-xixkua, zazpi harrirekin betea. Behazun-xixkua erauzteko lehenengoetako ebakuntza izan zen hura ere.
Prozedura berritzaileak garatu zituen tiroide-guruinetan, odol-hodietan eta hernietan ebakuntzak egiteko. Eta, batez ere, ezaguna egin zen bularreko minbizia tratatzeko lehen mastektomia erradikalak egin zituelako. Aitzindaria izan zen ebakuntzetarako asepsia-neurri zorrotzak hartzen ere. Bere ebakuntza-gelara sartzen ziren guztiek eskuak garbitu behar zituzten, lehenik xaboiarekin, eta ondoren potasio permanganatoarekin, fenolarekin eta merkurio-kloruroarekin.
Eraso kimiko horrek mikroorganismo kaltegarriak suntsitzen zituen, noski, baina baita azaleko zelulak ere. Hampton erizaina bereziki gaizki ari zen pasatzen. Eta lana uzteko asmoa adierazi zion Halstedi. Larritu egin zen hura; ez zuen horrelakorik gertatzerik nahi. Oso erizain argia eta trebea zen; Halsteden beraren hitzetan, “emakume hura ohi baino eraginkorragoa zen”. Benetan begiko zuen, eta ahal zuena egingo zuen lanean jarrai zezan.
Lehenengo bururatu zitzaion eskuak kolodioi izeneko substantzia batekin babestea; nitrozelulosaz egindako gelatina antzeko likido lodi bat zen, lehortzean gogortzen zena. Baina ez zen ongi atera; hatzak tolestean, zartatu egiten zen.
Orduan, irtenbidea eskularru batzuk izan zitezkeela bururatu zitzaien. Hamptonen eskuen igeltsuzko moldeak egin, eta Goodyear Rubber Companyra bidali zituen. Haiei eskatu zien kautxuzko bi eskularru pare egiteko, luzeak, finak eta malguak.
Manu Ortega Santos/CC BY-NC-ND
Eskularru haiek bai, primeran bete zuten helburua. Hamptonen eskuek berehala egin zuten onera, eta lanean jarraitu ahal izan zuen. Ez denbora luzez, ordea. Urte hartan bertan Halstedekin ezkondu zen, eta, garaiko espektatibei zor, lana utzi behar izan zuen etxekoandre izateko.
Bide luzeagoa egin zuten eskularruek. Izan ere, eskularruak hain onak zirela ikusi zutenean, Halstedek berehala eskatu zituen gehiago. Eta, laster, erizain eta laguntzaile gehienak hasi ziren eskularruak erabiltzen. Antiseptikoekin azala ez kiskaltzeaz gain, konturatu ziren kirurgiarako tresnak gutxiago irristatzen zirela. “Laguntzaileak hainbeste ohitu ziren eskularruekin lan egitera, ezen zirujau gisa ere erabiltzen jarraitu baitzuten, eta konturatu ziren esku biluziekin baino trebeagok zirela eskularruekin”, idatzi zuen Halstedek.
«Konturatu zen, eskularruakerabilita, pazienteek kirurgiaondoko infekzio gutxiago izaten zituztela»
1893an hasi zen Joseph Bloodgood, Halsteden ikasle bat, eskularruak erabiltzen hernia-ebakuntzak egiteko. Eta konturatu zen pazienteek kirurgia ondoko infekzio gutxiago izaten zituztela. Datuak bildu zituenean, ikusi zuen aldea handia zela: eskularrurik gabe egindako 220 ebakuntzatan, 38 pazientek infekzioak izan zituzten; eta eskularruekin egindako 226 ebakuntzatan, soilik 4k. Alegia, infekzio-tasa % 17tik % 2ra jaitsi zen eskularruen eraginez.
Bloodgoodek 1899 argitaratu zuen aurkikuntza hura; hasieran, inor gutxik hartu zuen aintzat, eta mespretxu ugari ere jaso zituen. Garai hartan, oraindik ere, antisepsiaren erabilera ez zegoen batere zabaldua, eta mediku askok eszeptizismoz edo, are, begi txarrez begiratzen zieten horrelako aurrerapenei. Eskularruen kontrako argudiorik indartsuena zen zirujauek hatzetako sentiberatasuna galduko zutela, eta ezinbestekoa zutela hori organoak eta ehunak ukimenaren bidez bereizteko.
1920ko eta 30eko hamarkadetan, zirujau askok oraindik esku hutsik egiten zituzten ebakuntzak. Baina, denborarekin, datuek erakutsi zuten sentiberatasun-faltagatik egin zitezkeen akatsak baino askoz arriskutsuagoak zirela infekzioak. Pixkanaka zabaltzen joan zen eskularruen erabilera, kirurgiaren parte funtsezko bihurtu arte. Geroztik, eskularru kirurgikoek bizitza asko salbatu dituzte, eta ebakuntza-geletatik kanpoko beste eremu askotara ere zabaldu dira.
Halstedek ekarpen garrantzitsu asko egin zituen kirurgia-tekniketan, baita medikuen prestakuntzan ere. Baina ekarpenik handiena, iraultzaileena, ia nahi gabe egin zuen, Hamptoni eta Bloodgoodi esker. Kasu hartan Halstedek ez zuen ikerketa esperimentalik egin, ez zuen daturik bildu, ez protokolorik asmatu. Erizain baten azala babestu nahi zuen, besterik ez.
Etxebeste Aduriz, Egoitz
Elhuyar Zientzia







