}

Eremu magnetikoak, animalien iparrorratzak

2001/12/16 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Migrazioa buru gainetik pasatzen zaizkigun milaka eta milaka usoekin lotzen dugu, baina hegaztiena ez da migrazio bakarra. Duela pare bat aste izan genuen beste migrazio baten berri ere; negua pasatzera Mexikora joaten diren milioika monarka tximeletarena, hain zuzen ere. Oraingoan, aireko migrazioa alde batera utzi eta itsasokoei begira jarri gara. Zenbat bitxikeria gordetzen dituen naturak!
Caretta caretta dortoka itsasoan ateratako irudi batean.

Animaliek ez dute gizakiok dugun garraiobiderik, ezta teknologiarik ere, baina ezta beharrik ere! Hegazkin, tren, automobil eta iparrorratzik gabe, gizakiok baino askoz gaitasun handiagoa dute munduaren alde batetik bestera mugitzeko. Horretarako, beste gauza asko egiteko bezala, ez dago beharra bezalakorik.

Migrazioa urtaro batetik bestera gertatzen diren aldaketei aurre egiteko gai ez diren animaliek egiten dute normalean. Hibernatzeko gai diren espezieek ez dute, udazkena heltzearekin batera, negua pasatzeko beste leku epelago batera alde egiteko beharrik izaten. Baina horretarako gai ez direnek ongi dakite, hotzak edo goseak hil nahi ez badute behintzat, hobe dutela negua sartu baino lehen ihesi joatea.

Animalia askok ezin dituzte neguko hotzak edo udako bero sargoriak jasan eta tenperatura-aldaketa horiek bultzatzen dituzte migratzera. Beste batzuen kasuan, aldiz, elikagai-eskasia izaten da migrazioaren eragile nagusia. Dena dela, elikagai-eskasia klima-aldaketekin oso lotuta dago, eta horregatik dira migrazioak fenomeno ziklikoak.

Baina, bada, horrez gain, espezie batzuk migratzera behartzen dituen beste arrazoi bat ere. Espezie batzuek ugaltzeko kondizio egokienen bila egiten dituzte milaka kilometro nekagarri. Adibidez, ikertzaileak liluratu dituen Caretta Caretta dortokak.

Hegan edo oinez ez bada, igerian

Donostiako Aquariumeko biologo bat askatu behar duten dortoka markatzen.

Gure inguruan ezagutzen den uretako migratzaile iaioena izokina da. Udan ur-emari apalengatik etenaldia egin ondoren, udazkenean izokinek errekan gorako bidea hartzen dute. Normalean zenbatu ere egiten dira Euskal Herriko ibaien egoerari buruzko hainbat aipamen egiteko, nahiz, zoritxarrez, epe laburreko oroimena dugula berriz ere azalean gelditzen den.

Baina bada izokinaren pare igeri egiten duen beste migratzailerik; jaiolekua Floridako hondartzak eta bizilekua itsasoko korronte aberatsak dituen Caretta caretta dortoka da horietako bat. Dortoka jaioberriek ibiltzen ikasi orduko hasten dute Atlantikoa zeharkatzeko abentura luzea. Baina, nola liteke jaioberritan, inoren laguntzarik gabe eta bidean galdu gabe, Atlantikoa zeharkatzeko gai izatea? Galdera horixe izan da Kenneth Lohmannen ikerketaren abiapuntua.

Dortoka jaioberriek, itsasoko maparik, GPS sistemarik eta inoren laguntzarik gabe, ezagutzen den migrazio luzeenetako bati ekiten diote. Floridako hondartzetatik iparrerantz jo eta Ipar Atlantikoko korronte epela identifikatzean, ekialderantz hartzen dute. Guztira, gutxi gorabehera, 12.000 kilometroko ibilbide luzea egiten dute. Korronte horretan, urak nahiko tenperatura epela izaten du eta elikagai asko egoten da. Korronte horretatik at, berriz, kondizio gogorregiak jasan beharko lituzkete dortoka-kumeek: tenperatura hotzeko urak eta elikadura-eskasia.

Dortokak halako gune zoragarrietara bertaratzen dira.

Lehendik egindako ikerketek erakutsi zuten dortokak eremu magnetikoen ezaugarriak identifikatzeko gai direla. Besteak beste, inklinazioa eta intentsitatea bereizten dituzte. Baina Lurraren magnetismoan oinarritutako sistemak nola funtzionatzen duen azaltzea gelditzen zen. Azken ikerketaren ekarpen nagusia, beraz, etxerako bidea mekanismo horri esker atzematen dutela frogatzea izan da.

Ipar Carolinako Unibertsitateko ikertzaileek Science aldizkarian azaldu dutenez, "magnetismo orokorra ulertu eta eremu magnetikoak ezagutzen" dituzte dortokek. Iparrorratz natural hori Ipar Atlantikoko korrontea bezalakoak ezagutzeko beharrezkoa dute.

Korronteen eta eremu elektromagnetikoen eragina ikertzeko, ordenagailu bati konektatutako "bainu-jantzi" antzerako batzuekin jantzi zituzten dortokak. Ondoren, igerilekuan sartu eta bobina elektriko bati esker, itsasokoen antzeko eremu magnetikoak sortu zituzten dortoken norabidea ikusteko. Zehatzago esanda, beren ibilbidean aparteko garrantzia duten Floridako kostako, Ipar Atlantikoko birako eta Portugalgo eremu magnetikoak sortu zituzten.

Dortoka uretan.

Eremu magnetikoekin egindako testa batere arazorik gabe gainditu zuten esperientzian parte hartu zuten 79 dortoka-kumeetatik gehienek. Baldin itsasoan egon baziren, hartutako norabideak zuzenean eramango zituen bizilekura. Hala ere, zientzialarien hitzetan, dortoken mekanismoa ez da perfektua eta, itsasoan gertatzen den bezala, igerilekuan ere dortoka batzuk bide zuzenetik gehiegi urruntzen dira.

Baina zientzialarien lanak ez dira esperientzia horretara mugatzen. Aurkeztutako txostenean, ugaztunen garunean eremu magnetikoen informazioa prozesatzen duen gunea identifikatu du Pragako Charles Unibertstateko Pavel Nemec ikertzaileak. Hortaz, ez dute baztertzen beste espezie migratzaile batzuek ere mekanismo bera erabiltzea bidean ez galtzeko. Adibidez, izurdeen, baleen, atunen eta baita txorien iparrorratzak eremu magnetikoak direla pentsatzera uzten dute, nahiz oraindik ere frogatzeke dagoen.

Donostiako Aquariumean, dortokari buruzko erakusketa

Zehaztasun paregabeaz ibilbide luzea egiteko gai dira, beraz, Caretta caretta espezieko kumeak. Baina, gaitasun hori ez da nahikoa espeziearen iraupena ziurtatzeko, baldin eta gizakiak eragiten dituen trabei eta era guztietako poluzioei aurre egiteko gai ez bada. Kostaldea suntsitzea, isurketa kimikoak, algak bailiran irensten dituzten milaka plastiko-hondakinak eta tretza-erako arrantza dira espezie hori desagertzeko arriskuan jarri dutenak.

Arrantza horregatik soilik, urtero 40.000 dortoka baino gehiago hiltzen dira munduan. Horregatik, beharrezkoa da espezie hori babestu eta ahal den neurrian laguntzea. Horretan dihardute, azken hamar urteetan, Donostiako biologoek. Arrantzaleek edo jende arruntak egoera tamalgarrian aurkitutako dortokak Aquariumera eramaten dituzte eta bertan zaintzen dituzte, harik eta indartu eta bidaiari berriro ekiteko osatzen diren bitartean.

Baina Donostiako Aquariuma ez da Atlantikoko kostako dortoken babesleku bakarra. Biarritzen eta Arroxelan ere urtero jasotzen dituzte dortokak. Hiru zentroen arteko elkarlana ona da eta hiruren artean dortoka babesteko programa bat burutzen ari dira. Arroxelako akuarioaren ekimena jarraituz, dortokak elkarrekin askatzen dituzte urtero udaberri aldera. Libratu aitzin, dortokei bakoitzaren ezaugarriekin (pisua, adina, non aurkitua izan zen, etab.) zintatxo bat jartzen diete dortoka nondik nora dabiltzan jakiteko.

Hala ere, lan hori interesgarria eta positiboa izanagatik ere, Xabier Ginda biologoak argi dauka arrantzak irauten duen bitartean beren lana ez dela nahikoa. Ongi dakite horrela ez dutela espeziea salbatzerik izango, baina gutxienez jendea kontzientziatzeko balio die eta pozik ageri dira akuarioko biologoak.

Horren guztiaren berri zuzenean eduki nahi izanez gero, ez duzu urrutira joan behar. Donostiako Aquariumera hurbildu eta martxoa bitarte zabalik egongo den erakusketaz gain, dortokak zuzenean ikusteko aukera ere izango duzu. Asko ikasi!

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia