}

Eremu magnetikoa erabili dute odolaren biskositatea txikitzeko

2011/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Eremu magnetikoa erabili dute odolaren biskositatea txikitzeko
2011/09/01 | Elhuyar

Estatu Batuetako Temple eta Michigan unibertsitateetako bi fisikarik Physical Review E aldizkarian azaldu dutenez, eremu magnetiko handiek nabarmen jaits dezakete hodi batean dabilen odolaren biskositatea. Efektu hori bera odol-hodietako odolean lortuko balute, odolari meheago eusteko gaur egun erabiltzen diren tratamenduen ordez erabili ahal izango litzatekeela adierazi dute.

Esperimentuan, odola mugimenduan jarri zuten odolaren biskositatea neurtzeko gailu batean, eta, gailu hori, 1,3 teslako eremu magnetikoa sortzen duen elektroiman baten barruan. Bada, ikusi zuten eremu magnetikoaren eraginpean minutu bat egonda %20-30 jaitsi zela odolaren biskositatea. Eremu magnetikotik kanpo, bi orduan, gutxi gorabehera, lehengora itzuli zen odola.

Ikertzaileek adierazi dute eremu magnetikoak odoleko hemoglobinari eragiten diola, eta, zehazki, haren burdinari. Eremu magnetikoaren lerroekiko ordenatzen dira globulu gorriak, eta horrek zenbait modutara eragiten du biskositatea jaistea. Batetik, fluxuaren noranzkoarekiko posizio aerodinamikoa hartzen dute globulu gorriek, eta, bestetik, elkartzeko joera hartzen dute, eta zelula-multzoak eratzen dituzte. Pentsa liteke zelula-multzoek biskositatea handitzea eragiten dutela, eta ez jaistea; baina, ikertzaileek azaldu dutenez, txikitu egiten da zelulek denera betetzen duten azalera, eta horrek txikitu egiten du marruskadura, eta, hortaz, biskositatea.

Metodoak odol-hodietan eragin bera ote duen probatzeko, beso bat edo zango bat sartzeko moduko gailu bat diseinatzen ari dira orain ikertzaileak.

Eremu magnetikoaren lerroekiko antolatzen dira globulu gorriak, eta multzoak eratzen dituzte. Arg.: Temple Unibertsitatea.
1
278
2011
9
014
Fisika; Anatomia/Fisiologia
Albisteak
14

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia