}

Era guztietako eztabaidak

2005/10/20 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Joan den astean giza aztarna batzuen berri eman dute Nature aldizkarian, eta aztarnak beste bederatzi hobbit-enak izan daitezkeela esan dute. Iaz hautsak harrotu zituen ikertzaile-talde berberak egin du aurkikuntza hori ere. Australiako ikertzaile-talde horrek , Indonesiako beste batekin batera, metro bete luze baino ez zen gizaki baten fosila topatu zuela argitaratu zuen 2004an.
Flores-en aurkitutako garezurra eta Homo sapiens baten garezurra.
Peter Brown

Homo floresiensis izena jarri zioten , eta gizakion talde bereko beste espezie bat zela iragarri zuten. Harrigarriena ez zen tamaina, ordea; Lucy , gure 'arbasorik' zaharrenetakotzat hartzen dena, ez zen askoz handiagoa. Baina Lucy duela hiru milioi urte bizi izan zen, eta Indonesiako Flores uhartean topatutako hezurdurak 18.000 urte baino ez ditu. Ia-ia atzokoa dela esan daiteke. Izan ere, garai hartan
-orain arte behintzat hala uste zen-, gure arbaso zuzenek, Homo sapiens espezieko kideek, 10.000 urte inguru zeramatzaten Lurrean bakar-bakarrik. Gure lerroko beste espezie guztiak desagertuak ziren jada.

Gainera, harrizko tresnak ere aurkitu zituzten aztarnategi berean, eta horrek ikertzaileei pentsarazi zien hominido hark tresnak egin eta erabiltzeko gaitasuna zeukala. Baina egun indarrean dauden hipotesien arabera, 400 zentimetro kubiko eskaseko burmuin baten jabeak ezin zuen horrelakorik egin.

Eztabaida berehala sortu zen, eta bere horretan dago: beharbada ez da beste espezie bat, baizik eta dagoeneko ezaguna den espezieren bateko ale bereziren bat, gaixotasunen baten

eraginez txiki geratua, edo pigmeoa zen...

Ezagutzen dira uharteetako isolamendu-baldintza berezien ondorioz —harraparien presio txikia eta baliabideak mugatuak izatea— ohikoak baino askoz ere handiagoak edo txikiagoak egin diren ugaztunen kasuak. Flores uhartean bertan, esaterako, elefante nanoen eta arratoi erraldoien aztarnak aurkitu dira; beraz, baliteke gizaki harekin gauza bera gertatu izana.

Zalantzarik gabe, eztabaida akademiko interesgarria zabaldu da hobbit-en aurkikuntzaren haritik. Horrek zer emango duen... auskalo! Izan ere, aztarna gutxitan oinarritutako iragana daukagu gizakiok, eta fosil berri bakoitzak ia hankaz gora jartzen ditu aurreko usteak. Baina akademikotik haratago ere iritsi da eztabaida, liskar bihurtzeraino. Eta horrek ez du itxura onik oraingoz.

Kexu agertu den ikertzaile australiarretako bat hobbit-aren garezurra aztertzen.
Peter Brown

Aurkikuntzaren albistea zabaltzearekin batera, ikertzaile australiarrek esan dute indusketagunean ezingo dutela gehiago lanik egin. Haien iritziz, ikerketa egitea oztopatzen ari zaizkie, Teuku Jacob Indonesiako antropologo entzutetsuena eta ikur nazionala omen dena kontra dutelako. Teuku Jacobek hasieratik egin dio kontra Hobbit-en hipotesiari. Hezurrak gaitz genetikoren bat zuen Homo sapiens batenak direla aldarrikatzen du, eta, australiarrek salatzen dutenez, bere boterea erabiltzen ari da aztarnak eta aztarnategia bahitzeko.

Pasa den neguan, esaterako, Teuku Jacobek lau bat hilabetez izan zituen aztarnak bere esku, eta, ondorioz, australiarren artikulua hainbat hilabeteko atzerapenez argitaratu da. Gainera, joan-etorri horretan, hainbat hezur hautsi eta ikerketetarako galdu egin dira australiarren esanean.

Antropologo indonesiarrak patxadaz egin die aurre salaketa guztiei. Esan du agindutako lana besterik ez duela egin: indusketaren koordinatzaileetako batek (Indonesiako taldeko buruak) aztarnak aztertzeko eskatu ziola eta horretarako beharrezko denbora hartu duela. Neurriz kanpokotzat jo du eztabaida, eta adierazi du ez duela inoren lana oztopatzeko interesik. Horrekin batera, ordea, bota du ongi iruditzen zaiola Indonesian topatutako aztarnak bertako ikertzaileek aztertzea, eta ikertzaile australiarrei konkistatzaile moderno ere deitu die. Beste eztabaida honek zer emango duen ere... auskalo.

Berria egunkarian argitaratua