}

ENUM, telekomunikazioak bateratzeko zenbakia

2002/04/01 Lasa Iglesias, Aitziber - STEAM Hezkuntza arloko arduraduna Iturria: Elhuyar aldizkaria

“—Zurekin kontaktuan jartzeko, zer egingo dut? Etxeko telefonora deituko dizut edo hobe mugikorrera?
—Ez, hobe mezu elektroniko bat idazten badidazu, edo bestela... bidal iezadazu faxa!
—Bulegora?
—Ez, hobe etxera!”.
...Uff! Izerditan hasten naiz lagun bakoitzaren zazpi zenbaki ezberdin apuntatu behar ditudala pentsatzean. Eskerrak, dirudienez, zenbaki bakarra eta denerako balioko duen Enum delakoa izango dugula aurki!

Telekomunikazioen teknologia abiadura ikaragarrian aurreratu da azkenotan, eta laneko faxa dela edo etxeko telefonoa, helbide elektronikoa edo pertsonen bilagailua, identifikazio-zenbaki ugariz ‘josi’ gaituzte. Beraz, oso interesgarria litzateke sare-egitura ezberdinetarako zenbaki bakarra garatzea. Xede horrekin jaio zen Enum zenbakia sortzeko ideia.

ENUM IETF-k ( Internet Engineering Task Force ) asmatutako protokolo berria eta gaur egungo DNS sistemaren alternatiba da. Sistema berri horrek E.164 nazioarteko telekomunikazio-sare publikoaren kode homologatua erabiliko du, orain arteko telefono finkoak, faxak, eta modemak adibidez, identifikatzeko balio izan duten zenbakiak hain zuzen ere.

Otsailaren 8an ITU-k ( International Telecomunication Union ) eta IETF-k akordioa sinatu zuten Genevan. Bertan, administrazioari eta funtzionamenduari dagozkien arloen arteko mugak ezarri ziren eta, era berean, Enum zenbakia errealitate bilakatzeko data 2004ko udaberrirako finkatu zen. Akordioak nolabaiteko muga jarri du; alegia, orain arte ideiaren garapenean aritu badira, aurrerantzean Enum probatzeko trantsizio-epea hasiko da eta Txinak, Suediak, Erresuma Batuak eta Greziak, besteak beste, aplikatu ahal izango diote Enum estandarra E.164 kodeari. Horrez gain, herrialde bakoitzean esparru horri dagokion legedia eta ezarpenerako araudia ere garatu beharko dira.

ITU-k berak kudeatuko du .e164.arpa domeinuaren datu-basea, eta .com , .org eta .net , bezalako lehen mailako domeinuen funtzionamendu bera izango du.

Demagun Enum zenbakia erabili nahi dugula. Lehenengo eta behin, telefono konpainia batek emango digu telefono-zenbakia. Orduan, erabiliko ditugun Enum zerbitzuetarako erregistratu beharko dugu zenbaki hori. Adibidez, telefono-zenbaki berarekin, etxeko zein lantokiko telefonoetan jaso nahi izango dugu deia, eta era berean, helbide elektronikoa eta faxa egon daitezke telefono berera konektaturik.

Deia guk egin nahi dugunean, bestalde, ohiko moduan hasiko gara telefono-zenbakia markatzen. Adibidez, 34-944-555-123 zenbakia markatu nahi dugu, baina deia jasoko duenaren eremu berean egonik, nahikoa dugu hasierako 34 ez idaztea edota, bere bulego berean egonik, 123 markatzea. Orduan, sareko ekipoak zenbaki osoa birsortuko du Enum erabiltzeko.

Argazkia hau ongi ikusteko jo ezazu PDF-ra.

Horren ondoren, DNSak irakurri ahal izango duen helbide bilakatuko da zenbakia. Baina, nola? Lehengo zenbakia hartuko dugu, 34-944-555-123 hain zuzen. Hasteko, digituak izan ezik, beste karaktere guztiak baztertuko dira, beraz, 34944555123. Bigarren urratsa zenbakia atzekoz aurrera jartzea da, DNSak eskuinetik ezkerrera irakurtzen baititu helbideak; 32155544943. Hirugarrenik, digituen artean puntuak idatziko dira, 3.2.1.5.5.5.4.4.9.4.3., eta, azkenik, “e164.arpa” domeinua erantsiko zaio bukaeran: 3.2.1.5.5.5.4.4.9.4.3.e164.arpa. Dagoeneko, esan bezala, e164.arpa proposatu da Enumen DNS domeinua izan dadin.

Enumen aplikazioak

Enum protokoloak telefono-zenbakiak jarriko ditu DNSan eta, horrela, telefono zenbakia baino behar ez duten aplikazioetarako oso interesgarria izango da. Agian, bururatu dakigukeen aplikaziorik berehalakoena IP bidezko ahotsari dagokio; sistema horren bidez, telefono-deiak Internet bidez egin daitezke. Bestelako aplikazioen artean, fax-makinak helbideratzea, web orriak, posta elektronikoko helbideak zein berehalako mezuak daude.

2004ko udaberria arteko epea dago behar beste proba egiteko. Segurtasun- eta pribatutasun-arloak ere lantzeke daude. Dena dela, badirudi telekomunikazio-enpresek ere interes handia dutela proiektu honen inguruan, eta, beraz, izango dugu horren guztiaren berri.


Informazio gehiago nahi izanez gero:

http://www.itu.int/osg/spu/infocom/enum
http://www.ietf.org/html. charters/enum-charter.html
http://www.ngi.org/enum
http://www.enum-forum.org

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia