}

Entzumenaren kimika bortitza

2002/05/03 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Entzuteko, soinu-uhin mekanikoak seinale elektriko bihurtu behar dira belarrian. Seinale elektrikoak garunera iristean entzuten dugu, baina bihurtze-prozesua nola gertatzen den ez da zehazki ezagutzen.

Johns Hopkins Medikuntza Eskolako ikertzaileek saguen barne-belarriko zelula txikiak aztertu dituzte, uhin/seinale elektriko bilakaera nola gertatzen den argitzeko. Orain arte, bazekiten barne-belarriko zelula batzuek soinu-uhina detektatzean konposatu kimikoen jarioa gertatzen zela; baina jarioaren nondik norakoak ez zeuden oso argi.

Saguetan ikusi dute ile moduko zelula ñimiñoek sortzen dutela jarioa, eta jarioa ondoan dagoen nerbiora zuzenduta dagoela. Zelula horiei ‘ile-zelula’ deitzen diete, tente jarritako ilearen modukoak direlako. Aurkikuntzak harritu egin ditu ikertzaileak, ez baitzuten uste zelula horiek hain jario bortitzak sortzeko gai zirenik. Orain arte, zelulek transmisoreak behin baino ez zituztela isurtzen uste zen, ez etengabe.

Ikertzaileek uste dute jario jarraituari esker igorritako seinaleak hobeto kontrolatzea lortzen dutela zelulek, soinuaren intentsitate- eta maiztasun-aldaketak zehaztasun handiz adierazi behar baitituzte. Gainera, seinalea garunera igortzeko nerbioek gutxieneko konposatu kimiko kantitatea behar dutenez, asko eta etengabe jariatuz operazioaren arrakasta bermatzen dela uste da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia