}

Entzimen inhibizio selektiboa

2001/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Washingtongo Unibertsitateko Medikuntza Eskolako ikerketa-talde baten ustez, Viagraren antzeko mekanismo selektiboa erabilita, hainbat gaixotasun senda daitezke. Viagrak fosfodiesterasen (PDE) familiako entzima jakin bat bakarrik inhibitzen du, GMP ziklikoaren fosfodiesterasa. Ez die beste funtzio batzuk izan ditzaketen entzimei eragiten eta, beraz, ez du albo-efekturik sorrarazten.

Entzima bakarra inhibitzea posible dela ikusita, zientzialariek bide horretan ikertzeari ekin zioten eta orain ikerketa horien emaitzak erakusten ari dira. Ildo horretatik, Joseph Beavo farmakologian doktorearen laborategian hainbat entzima aztertu dituzte. PDE7 eta PDE8 entzimak, adibidez, zenbait zelula immunologikotan izaten diren cAMP molekulak apurtzen dituztela ikusi dute; entzima hori inhibituta, artritis erreumatoidea eta alergiak trata litezke.

PDE3 entzimak, berriz, intsulinaren (diabetea) eta leptinaren (gizentasuna) jarioa oztopatzen du. Beste alde batetik, ikertzaileek uste dute PDEn inhibitzaileak memoria hobetzeko eta biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa eta odolaren koagulazioa tratatzeko ere erabil daitezkeela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia