Energia xurgatzeko gaitasun handiagoa duten nanoaldatutako landareak sortu dituzte
2014/03/25 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Landareen kloroplastoei nanomaterialak erantsiz, energia xurgatzeko landareek duten gaitasuna handitzea lortu du Massachussettseko Teknologia Institutuko (MIT) ikertzaile talde batek. Nature Materials aldizkarian argitaratutako artikuluan azaltzen dutenez, eraldatutako landareek %30 energia gehiago xurgatzen dute.
Argitaratu berri den ikerketak hainbat epealdi izan ditu. Landareetatik erauztitako kloroplastoen hondamen prozesua saihesteaizan zen gainditu beharreko lehen zailtasuna.. Izan ere, landareetatik erauzitako kloroplastoek denbora tarte mugatu batean gordetzen dute fotosintesia egiten segitzeko gaitasuna. Landareetatik kanpo, kloroplastoak ordu batzuetan hondatu egiten dira.
Isolatutako kloroplastoen iraupena luzatu ahal izateko, zerio oxido nanopartikulak (nanozeriak) erabili zituzten ikertzaileek. LEEP izenez ezagutzen den teknika berritzaile bat erabiliz, nanozeriak kloroplasto molekulen barruan sartzea lortu zuten. Molekula barruan nanozeriek antioxidatzaile gisa jokatzen dutenez, kloroplastoak ez hondatzea lortu zuten.
Ikerketaren hurrengo fasean, teknika bera erabili zuten molekulen energia xurgatzeko ahalmena handitzeko, eta,horretako, karbonozko nanohodi erdieroaleak erantsi zizkieten kloroplastoei.
Ikerketzaileek Arabidopsis thaliana espezieko landare bizietan egin zituzten ondoren entseguak, eta frogatu ahal izan zuten nanoaldatutako landareetan fotosintesiaren elektroi-fluxua %30 handitzen zela.
MITeko ikertzaileen ustez, egindako lanek ikerketa-alor berri bat zabaldu dute. Landare-nanobionika izendatu dute ikerketa-lerro berria. Michael Strano, ikerketa-talde buruaren ustez, “landareak oso erakargarriak dira teknologia-plataforma bezala erabiltzeko. Autokonpontzeko gaitasuna dute, egonkorrak dira, ingurugiro kaltegarrietan bizirauteko gaitasuna dute, eta berezko elikadura eta uraren horniketa-iturria dute”. Stranok nabarmendu duenez, landareen “potentziala bukaezina da”.
Ikerketa-talde bereko kide den Juan Pablo Giraldo zientzialariaren ustez, ikerketa-lerro berriak aukera handiak izan ditzake etorkizunean. Izan ere, nanoaldatutako landareak ingurugiroaren kutsadura gatxitzeko erabil daitezke, besteak beste. Landareen nanobionikaren alorrak zer emaitza izan ditzakeen aztertzeko, grafenoa eta antzeko nanomaterialak landareei eransteko lanak hasi dituzte MITeko ikertzaileek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia