Energia erauzi dute ia energiarik ez dagoen toki batetik
2012/11/09 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Tenperatura oso baxuetan, 5 K-ean, hidrogeno molekularen bibrazioa ñimiñoa da. Hamarna pikometro batzuetako mugimendua besterik ez da, eta hamarna milieletronvolteko energia besterik ez du mugimendu horrek. Gainera, zorizko mugimendutzat har daiteke, hau da, zarata-seinale bat bezalakoa da. Baina prozesu naturalek oszilazio txiki horiek energia ere aprobetxatzen dituzte, zelulen jarduera energiaz hornitzeko adibidez.
Nazioarteko fisikari-talde batek, CIC nanoGUNE zentrokoek eta Berlingo Unibertsitatekoek, modu bat aurkitu dute oszilazio txiki horren energia erauzteko, eta beste oszilagailu bati transmititzeko. Ikerketa hori Science aldizkariak argitaratu du.
Ikertzaileek aurkitu dute hidrogenoa estimula dezaketela oszilazioa abiarazteko. Horretarako, tunel efektuz igorritako elektroiak erabili dituzte; hain zuzen, hidrogeno-molekula bat harrapatu dute tunel efektuzko mikroskopio baten orratzaren eta beste elektrodo baten artean; orratzak hidrogenoari elektroiak bonbardatzen dizkionean, hidrogenoa oszilatzen hasten da. Etengailu bezala erabili dute mikroskopioa, alegia. Horrela, mikroskopioak oszilazioaren energia jaso egiten du, eta energia hori transmititu diote oszilagailu handi bati. Horrela, nahiz eta hidrogeno-molekula oso egitura txikia izan, oszilagailu handi bat hornitu dezake energiaz. Azken batean, fisikariek zarata-seinale baten energia erauzi eta aprobetxatu dute.
Jatorrizko artikuluan ikertzaileek diotenaren arabera, “fenomeno horrek handi dezake iturri inkoherenteen energiaren transmisioa motore molekular baten dinamika koherenteari”. Alegia, motor funtzioa duen nanoegitura handi batek, jaso lezake energia zarata-seinaleetatik, mekanismo horren bitartez.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia