}

Energia berriztagarriak Lanbide Heziketan

2003/04/01 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Energia berriztagarriek geroz eta oihartzun handiagoa dute gure gizartean, eta oihartzun hori Lanbide Heziketara ere heldu da. Usurbilgo Lanbide Eskolak, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzarekin, energia berriztagarrien eraikin berri bat ireki du.
(Argazkia: Usurbilgo Lanbide Eskola).
Panelen egiteko bakarra ahalik eta bero gehien jasotzea da.
Usurbilgo Lanbide Eskola

Punta-puntako teknologia duen eraikin berrian, eguzki-energia termikoa, eguzki-energia fotovoltaikoa, energia geotermikoa eta haize-energia instalatzen eta ustiatzen ikasteko aukera dago. Gainera, eraikin berriak energia horiekin guztiekin lortzen ditu ur beroa eta berogailu-sistema.

Eguzkiaren-energia, hamaika erabilera!

Eguzki-energia termikoan Eguzkiaren energia beroa lortzeko erabiltzen da. Horretarako, eguzki-panel ilun batzuk jartzen dira. Panel horiek ez dira fotovoltaikoak, hau da, ez dute elektrizitatea ekoizten. Hain zuzen ere, panelen egiteko bakarra ahalik eta bero gehien jasotzea da, horregatik dira ilunak. Gainera, panel horiek hegoalde geografikoari begira ezartzen dira, eta, urte-sasoiaren arabera, inklinazioa aldatzeko sistema bat dute.

Panelek bildutako energia hori ura berotzeko erabiltzen da; Usurbilgo eskolaren kasuan, 500 litro ur berotzeko, hain zuzen ere.

Ur beroa galdara-gelan dagoen gordailu batean metatzen da eta, ondoren, behar denean, handik zabaltzen da. Esaterako, ikasgela bat hoztu bada, bertara ur beroa daraman berotze-zirkuitua ireki eta berotu egiten da.

Eguzki-energia termikoa, eguzki-energia fotovoltaikoa, energia geotermikoa eta haize-energia.
Usurbilgo Lanbide Eskola

Eguzki-energia fotovoltaikoa, berriz, ezagunagoa da. Sistema horretan, Eguzkiaren energia elektrizitatea sortzeko erabiltzen da eta, horretarako, panel fotovoltaikoak erabiltzen dira. Panel fotovoltaikoek ekoitzitako elektrizitate hori sare elektrikora injektatzen da eta, trukean, dirua jasotzen da sareari emandako energiagatik.

Kasu honetan ere Usurbilen instalatutako panel fotovoltaikoek Eguzkiaren izpiei jarraitzeko sistema bat dute, beti gauza bera lortu nahian: eguzki-energiaren ustiapen maximoa. Eskolak dituen panelekin gehienez 4kW-eko potentzia lortzen da, urtean 2.100 ?-ko diru-sarrera, alegia.

Eguzkiaren energia hamaika eratara baliatzeaz gain, haize-energia ustiatzeko aerosorgailu bat ere badago Usurbilen. Aerosorgailuak haizearen indarra energia elektriko bihurtzen du, baina kasu honetan ez da sarera injektatzen energia hori. Ekoitz daitezkeen 6kW-ak eraikinaren beharretarako erabiltzen dira.

Eguzkiak lurra ere berotzen du

Energia geotermikoa lantzeko aukera ere badago eskola horretan. Gure artean gehiegi erabiltzen ez den arren, oso interesgarria da.

Energia geotermikoa, funtsean, lurrak duen beroa baliatzea da. Kasu honetan ere, ura berotzeko erabiltzen da lurraren beroa. Eta nola egiten da hori?

Eguzkiak lurra berotzen du, eta hori, adibidez, hondartzan hondarra ezin zapalduz saltoka joaten garenean atzematen dugu. Lurrak duen berotasun hori ez da aprobetxatzen normalean, baina ura berotzeko baliagarria da. Horretarako, adibidez, nahikoa da lur azpian tutu-sare bat jartzea.

Tutu horiek lurretik 40 bat cm-ra jartzen dira; lurraren berotasuna jasotzen dute eta izotzaldietan ez dira gehiegi hozten. Izan ere, hotz egiten duenean, lurra ere hoztu egiten da eta, beraz, tutuek daramaten likidoa izoztu eta tutuak puskatzeko arriskua dago. Baina, lurrean zenbait zentimetro barnerago jartzen badira, ez dira gehiegi berotzen, ezta gehiegi hozten ere. Hain zuzen ere, tutu horien tenperatura altuena 20 ºC ingurukoa izaten da udaran eta neguan, berriz, baxuena 4 ºC ingurukoa. Baina, orduan, nola da posible ura berotzea?

Tutuak likido batez beterik egoten dira, ura ez den likido batez. Likido horrek, glikor izenekoak, hain zuzen ere, beroa xurgatzeko gaitasun handia du. Glikorrak, gainera, presioaren arabera bere tenperatura aldatu egiten du eta ezaugarri horixe erabiltzen da energia lortzeko. Izan ere, presio baxuan glikorraren tenperatura 7 ºC-koa bada, presioa handitzen denean 20-21 ºC-ra irits daiteke tenperatura hori.

Zelula fotovoltaikoek Eguzkiaren energia elektrizitate bihurtzen dute.
Usurbilgo Lanbide Eskola

Presio-aldaketa hori eragiteko, makina termikoa erabiltzen da eta, ondoren, energia hori ura berotzeko erabiltzen da. Hala ere, glikorra berriz presio baxura itzultzean bere tenperatura ez da 7 ºC-koa izango, baxuagoa izango da. Beraz, sistema honekin 2kW bero izanda 7kW bero lor daitezke.

Instalazio horietaz gain, dagoeneko hasi dira ideia berriak lantzen Usurbilen. Horrela, energia berriztagarrietan dauden beste aukera batzuk eskaini nahi dira, hala nola: biomasaren energia eta minihidraulikoa. Gainera, eraikinean sistema domotiko bat ezartzeko asmoa dago eta, noski, guztia, ikasleen, gainontzeko zentroen eta enpresen eskura egongo da.

Lur azpiko beroa

Energia geotermikoaren bero hori eraikin berriko gelak girotzeko erabiltzen da, baina ez berogailu-sistema arrunta erabilita, zoru erradiatzailea erabilita baizik. Hain zuzen ere, eraikin berriaren gela guztietako zoruaren azpian, hodi-sare luze bat dago. Hodi horiek ez dute etenik eta hainbat buelta ematen dituzte kiribilean gela guztiaren azalera osatu arte. Horrek ikasgelen azalera guztian tenperatura homogeneoa mantentzen laguntzen du, hodia bera izanik luzera guztian tenperatura bera izaten baitu likidoak.

(Argazkia: G. Andonegi).

Instalazioa ere ez da zaila. Lehenik tutuen azpian isolatzaile bat jartzen da, beroa beherantz joan ez dadin, gero tutu-sarea jartzen da eta, azkenik, porlana, zementua... botatzen da gainetik. Behin lurra prest dugula, zeramikazko baldosak erabiltzea gomendatzen da. Izan ere, egurra eta beste zenbait material beroaren garraiatzaile eskasak dira eta zeramika, aldiz, oso ona da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia