}

Enbrioiaren eta amaren arteko itsasgarria aurkitu dute

2003/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Enbrioiari umetokira eransten laguntzen dion proteina aurkitu dute. Sendagileen arabera, 20 aste bete aurretiko berezko abortuen hiru laurdenak enbrioiak umetokian ezartzea lortzen ez duelako gertatzen dira.

Kaliforniako Unibertsitatean egindako ikerketa baten arabera, enbrioia berak ekoizten duen proteina bati esker ezartzen da umetokian. Proteina horrek L-selektina izena du, eta umetokiak ekoizten dituen karbohidrato batzuei lotzen da. L-selektina prozesuan parte hartzen duen bakarra ez izan arren, oso da garrantzitsua: poliestirenozko bolatxo batzuk L-selektina proteinaz bildu ondoren, umetokian ezartzeko gai direla frogatu dute ikertzaileek.

Ikertzaileek in vitro ernalketaren arrakasta-maila handitzeko erabili nahi dute aurkikuntza hori. Izan ere, in vitro ernalketan sortzen diren enbrioien heren batek besterik ez du lortzen umetokian ezartzea. Baina in vitro sortutako enbrioiek L-selektina behar bezala ekoizten duten ala ez aztertuz gero, bideragarri izateko aukera gehien duten enbrioiak transferi daitezke. Gainera, emakumeetan ere azter daiteke ea umetokian nahiko hartzaile duten ala ez. Hain zuzen, hor egon daiteke ernalketarekin arazoak dituzten hainbat emakumeren gakoa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia