}

Enbrioi hibridoen auzia

2007/09/22 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Zelula amak sarritan agertzen dira komunikabideetan. Azken albistea Britainia Handitik etorri da: zelula amak lortzeko, enbrioi hibridoak egiteko aukerari oniritzia eman diote. HFEAk egin du legea, giza ernalkuntzaren eta enbriologiaren agintaritza arauemaileak alegia, herrialde hartako bi unibertsitatek hala eskatuta.
Giza enbrioiaren zelula amen multzo bat.

Izatez, legea nahiko ausarta da, lehen aldiz baimendu baitute Britainia Handian giza DNA eta animalia-DNAk nahastea (nahiz eta apenas duen animalia-DNA). Helburu garbiarekin egin dute: ikertzaileek enbrioi-jatorriko zelula amak lortu ahal izatea, horretarako emakumeen obuluak erabili beharrik izan gabe.

Hala ere, batzuei kezka eta beldurra eragin die aukera horrek. Alabaina, gizartean neurriz kanpoko kezka zabaltzea arriskutsua da, ikerketak oztopatzera irits baitaiteke. Horrelakorik gerta ez dadin, ezinbestekoa da jakitea zer diren zelula amak, nola lortzen diren eta zertarako erabiltzen diren.

Aukerak eta mugak

Hain zuzen, enbrioi-jatorriko zelula amak lehengai izugarri interesgarriak dira ikertzaileentzat. Gorputzean berrehun zelula-mota baino gehiago ditugu. Mota bakoitzak bere berezitasunak ditu, egin behar dituen funtzioak betetzeko bereziki diseinatuta baitago. Baina denek jatorri berbera dute: espermatozoide batek ernaldutako obulua. Enbrioi sortu berriaren lehenengo zelulek zelula-mota guztiak bilakatzeko gaitasuna dute; gaitasun hori, ordea, galdu egiten da enbrioia hazi eta zelulak espezializatu ahala. Lehenengo zelulak dira, beraz, ikertzaileei interesatzen zaizkienak. Horiek dira, hain justu, zelula amak.

Ikertzaileentzat tresna izugarri baliotsuak dira zelula amak.

Pertsona helduaren ehunetan ere badaude zelula amak; adibidez, hezur-muineko zelula ametatik eratortzen dira odoleko zelula espezializatuak, hala nola globulu gorriak eta zuriak. Baina, ehun helduen zelula amak enbrioiarenak baino espezializatuagoak direnez, bestelako zelulak emateko gaitasun mugatua dute.

Hala ere, ehun helduetako zelula ama horiek birprogramatzen saiatzen ari dira hainbat ikertzaile-talde, enbrioiarenak bezalakoak izan daitezen. Emaitzak, ordea, ez dira nahi bezain onak. Ez bakarrik ez dutelako erabat asmatzen zelulak nahi bezala birprogramatzen; gainera, enbrioi-jatorrikoen aldean, ehun helduetako zelula amak zailagoak dira laborategian erabiltzeko, zailak dira kontserbatzeko, eta motel biderkatzen dira.

Horrenbestez, ikertzaile askok uste dute enbrioien zelula amak direla egokienak ikerketarako. Ikerketa horien helburuak, besteak beste, zelulen portaera sakonean ikertzea, hainbat gaixotasun hobeto ezagutzea (Alzheimerren edo Parkinsonen gaitzak, diabetea...) eta terapia berriak probatzea dira. Epe luzera, aipatutako gaixotasunen sendabidea eman dezaketelako itxaropena ere badute ikertzaileek.

Zailtasunak gainditu nahian

Baina enbrioien zelula amekin ikertzeak ere baditu zailtasunak . Lehenengoa, zelula amak lortzea. Herrialde askotan debekatuta dago enbrioiak horretarako erabiltzea; egun gutxi batzuetako enbrioietatik erauzten dira zelula amak, eta, gero, enbrioiak suntsitu egiten dira. Eta hori ez da etikoki onargarria gizartearen zenbait sektorerentzat.

Obuluak erauzteko prozesua oso gogorra da emakumearentzat.

Beste herrialde batzuetan, berriz, baimenduta dago lagundutako ernalkuntzan soberan gelditutako enbrioiak zelula amak erauzteko erabiltzea. Baina horrek ere ez du dena konpontzen, enbrioi-kopuru mugatua dagoelako batetik, eta, bestetik, batzuetan pertsona jakin baten informazio genetikoa duten zelulak behar dituztelako ikertzaileek, adibidez, pertsona baten gaixotasuna ikertzeko. Horretarako, klonazio izenez ezagutzen den teknika erabiltzen dute.

Teknika horretan, pertsona helduaren zelula bat hartzen dute ikertzaileek, adibidez, larruazaleko zelula bat, eta informazio genetikoa (nukleoa) erauzten diote. Gero, nukleoa kenduta duen obulu batean sartzen dute informazio genetiko hori, eta garatzen has dadin aktibatzen dute. Horrela sortutako enbrioia pertsona heldu haren klon bat da.

Ikertzaileek egun gutxi batzuetan hazten uzten dute laborategian, eta, orduan, zelula amak erauzten dituzte. Enbrioia galdu egiten da, eta erauzitako zelulak nahi duten zelula-mota izatera bideratzen dituzte ikertzaileek, hala nola garunekoak, pankreakoak... Interesatzen zaien gaitza ikertzeko eredu dira zelula horiek.

Horretarako ez ezik, beste hainbat ikerketa-lanetarako ere behar dituzte enbrioien zelula amak, eta horietarako ere egokia da klonazio-teknika. Arazo bat dago, ordea: emakume-obulu gutxi dago. Gainera, obulu-ematea bera ere etikoki eztabaidagarria da, emakume bati obuluak erauzteko prozesua oso gogorra baita emakumearentzat. Horrez gain, hainbat lekutan emaileak ordainetan dirua jasotzen du, eta horrek ekartzen du emaile asko behar ekonomikoa duten emakumeak izatea.

Ikertzaileek irtenbide bat asmatu dute emakumeen obulurik behar ez izateko: animalienak erabiltzea. Nukleoa kentzen zaienez, eta haren lekuan giza zelula batena sartzen denez, sortzen duten enbrioiaren informazio genetikoa gizakiarena da, % 99. Gainerako % 1a animalia-zelularen zitoplasman dagoen mitokondrioen informazio genetikoa da.

Horri deitu diote enbrioi hibridoa, eta horiek egiteko aukera ematen du orain Britainia Handiko legeak. Hibridoak? Bai, baina ez zentauroen (erdia gizon, erdia zaldi) edo itsasnesken (erdia emakume, erdia arrain) modukoak. Enbrioi hibridoek helburu garbia dute: ikerketarako zelula amen iturri izatea, eta hori arautu dute Britainia Handian. Orain, ea ikerketek fruitua ematen duten.

Gara-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia