Emilio Segre hil da
1989/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Emilio Segre, 1959. urtean Nobel Saria lortu zuen fisikari nuklear italiarra, hil zen Kaliforniako Lafayette-n joan den apirilaren 22an. Segre 1905.eko otsailaren batean jaio zen Lazioko Tiboli herrian.
Segre fisika nuklearraz eginiko lanagatik da ezaguna batez ere, baina fisikari atomiko moduan hasi zen lanean. 1930-32 urteetan espektro atomikoen lerro debekatuez eta Zeeman efektuaz egin zuen lan.

1934.ean hasi zen fisika nuklearraz lanean Erromako unibertsitatean Enrico Fermik zuzentzen zuen taldean. Uranioa eta torioa neutroien bidez bonbardatuz lortutako lehenengo isotopo erradioaktiboen ikerketan hartu zuen parte; neutroi astiroen eta hauekiko tamaina ertaineko eta handiko nukleoek duten sekzio zabalaren aurkikuntzan. Bestalde, Segrek 43. elementuaren bizitza luze samarreko isotopoak aurkitu zituen. Elementu berri honi teknezio izena jarri zion; grekoz “artifizial” esan nahi bait du. Molibdenoa protoiz bonbardatuta lortu zen teknezioa.
1938.ean iparrarmeriketara joan zen faszismotik ihes eginez. 1943-46 bitartetan bonba atomikoaren garapena lortu zuen, Manhattan proiektuan parte hartuz. Uranioaren eta plutonioaren fisio espontaneoa aztertu zuen taldeko buru moduan.
Gerra bukatu ondoren Kaliforniako unibertsitatera (Berkeley-ra) itzuli zen. Bertan protoi/protoi eta protoi/neutroi sakabanaketak aztertu zituen polarizatu gabeko protoi-sortak erabiliz.
Segidan Berkeleyko Bebatroi izeneko partikula-azeleragailuan hasi zen lanean, protoiak eta nukleoak talkarazten. Lan honek antiprotoia aurkitzeko bide eman zion.
Nobel Saria antiprotoia aurkitzeagatik eman zioten.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia