Homo longi edo Harbingo gizakia denisovarra zela baieztatu dute

2025/06/24 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

emhomo-longi-em-edo-harbingo-gizakia-denisovarra-z
Harbingo garezurra denisovarra dela baieztatu dute. Arg. Hebei GEO unibertsitatea

Duela 15 urte Harbin hiritik gertu (Txina) aurkitu zuten garezur bat, 146.000 urtekoa, denisovarra dela baieztatu dute. Orain arte, ez dira espeziea identifikatzeko gai izan, haren ezaugarri morfologikoek ez baitzuten bat egiten ezagutzen diren giza espezieekin. Hala, Harbingo gizakia edo Homo longi deitu zioten. Orain, antzinako proteinak identifikazeko metodo berritzaile batekin, denisovarra dela ikusi dute.

Denisovako gizakiaren fosil oso gutxi daude, eta zatiak baino ez; beraz, hari buruz dakiten guztia analisi genetikoen bidez jakin dute, batez ere. Harbingo garezurra oso zaharra zenez, ez da erraza izan azterketa genetikoa egitea. Txinako Zientzia Akademiako ikertzaileeke, metodo paleoproteomiko baten bidez, 95 proteina endogeno identifikatu dituzte, denisovarrekin bat egiten dutenak. Horrez gain, hortzetako kalkuluetatik DNA mitokondriala erauztea lortu dute, eta han aurkitutako aldaerak ere bat datoz denisovarren adarrarekin.

Science eta Cell aldizkarietan argitaratu dituzte emaitzak; azken horretan, irekian. Haietan oinarrituta, ikertzaileek iradoki dute denisovarrak Siberiatik Txinako ipar-ekialderaino bizi izan zirela Erdi Pleistozeno berantiarrean. Halaber, erabili duten metodoa antzinako fosilak sailkatzeko egokia dela berretsi dute. Izan ere, azaldu dutenez, DNA mitokondriala hobeto kontserbatzen da hortzetako kalkuluetan, hezurretan baino.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia