}

Emerik gabe, galbidera, klima-aldaketaren erruz

2008/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Emerik gabe, galbidera, klima-aldaketaren erruz
2008/10/01 | Elhuyar
Tautara ar bat.
Samsara/Eskubide batzuk erreserbatuta

Australia Mendebaldeko Unibertsitateko ikertzaileek tautararen etorkizuna aztertu dute, eta 2085erako galtzea litekeena dela aurreikusi dute. Horren arrazoia da hurrengo urteetan emeak jaiotzeko bero handiegia egingo duela.

Tautara narrasti oso primitibo bat da, eta Zeelanda Berriko 30 uharte txikitan gotortuta bizi da, gainerako lekuetan harrapariak baititu. Beste narrasti askotan gertatzen den bezala, tenperaturaren arabera arrak edo emeak jaiotzen dira. Tautararen kasuan, 21,5 ºC-tik gora, denak arrak jaiotzen dira.

Ikertzaileek eredu informatiko oso konplexu bat sortu dute habia bakoitzean tenperatura-igoerak nola eragingo duen aztertzeko, eta, emaitzaren arabera, hainbat glaziazio eta beroaldi gainditu dituen espeziea mende honetan gal daiteke. Alabaina, eredu berak irtenbidea topatzeko ere balio dezake, bi sexuetako banakoak jaiotzeko leku egokienak identifikatzeko erabil baitaiteke.

1
246
2008
10
010
Biologia; Zoologia; Ingurumena; Klimatologia
Berriak labur
6

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia