
Saguekin egindako saioetan espermatozoideen mugikortasuna kaltzioaren mendekoa dela ikusi dute. Espermatozoidearen isatsean kaltzioa sartzeak isatseko mugimendua eragiten du. Gauza jakina da azkar mugitzeko ahalmenik gabe espermatozoideak ezingo lukeela obuluraino iritsi eta ernaldu.
Berez, espermatozoideek ez dute beti izaten horren azkar mugitzeko ahalmenik; emakumezkoaren ugaltze-organoetan sartzean eskuratzen dute. Badirudi emakumezkoaren seinale kimiko bati erantzunez eskuratzen dutela hipermugikortasuna, espermatozoidean kaltzioaren sarrera eragiten duenean.
Kaltzioa zelulak horretarako sortzen dituen kanaletatik sartzen da. Adituen esanean, gizonezkoen kasuan, ohiko antisorgailuen ordez, kanal horiek blokeatzen dituzten konposatuak erabiltzea bideragarria izan daiteke. Hala ere, emakumezkoek ere hartu ahal izango dituzte kaltzio-kanalen blokeatzaileak, beren ugaltze-aparatuan sartzen diren espermatozoideengan izango bailukete eragina.
Oraingoz zailtasuna kanal-mota hori soilik blokeatzen duen konposatua aurkitzea da, bestelako arazorik sor ez dezan. Antisorgailu berriok garatzeak hainbat urteko lana eska dezakeen arren, adituak baikor azaldu dira, eta emakumezkoek pilula hartzean pairatzen dituzten osasun-arazoak saihestu ahal izango direla aipatu dute.
Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber
Elhuyar Zientzia