}

Emakumeentzako lehen preserbagailua

1992/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Laster kondoia ez da gizonarentzat bakarrik izango. Polive izeneko laborategiek 1992ko martxoan emakumeentzako lehen preserbagailua aurkeztu nahi dute; Femidom deiturikoa, alegia.

Produktua Ingalaterran fabrikatzen ari dira eta poliuretanozko zorro baten itxura du. Hau baginan ezartzen da eraztun higigarri bati esker. Produktu honen egileek diotenez, Femidom-a kokatzea tanpoi higienikoa ipintzea bezain erraza da.

Badirudi, produktu honen abantailak direla eta, kondoi klasikoarekin konkurrentzian izango dela.

Latexa baino erresistenteagoa den material plastikoz egina dagoen preserbagailu honen mintzaren lodiera 40 mikrakoa izango da. Poliveko zuzendari zientifiko den Jean-Jacques Delas-ek hauxe dio: Poliuretanoa latexa baino bero-eroale hobea denez, Femidoma askoz ere sentikorragoa izango da.

Kondoia erekzioan jartzen bada ere, Femidom-a sexu-harremana izan aurretik jarri eta amaitutakoan kentzen da.

Laster Londresko lantegi batean serie handitan fabrikatuko diren preserbagailu hauek, bost urtean test desberdinak gainditu dituzte. Alergiaren aurkako frogak, porotasunik ezarenak, sexu bidezko gaixotasunen transmisio-kontrakoak eta HIESaren kontrakoak gainditu ditu, esate baterako.

1992. urtean Europako herrialdeetan eta 1993. urtean EEBBetan banatuko da.

Beraz, irakurle, sexu-harremanak gero eta erosoago burutu ahal izango dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia