}

Emakumea emakume ez denean

2009/10/18 Korta Hernandez, Nerea - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Emakumeak 1920ko hamarkadan hasi ziren atletismoko probetan parte hartzen. Dominak irabazteko emakumez mozorrotutako gizonak agertu zirenetik, ordea, iruzurraren beldurra sortu zen; eta baita genetikoki gizon ziren emakumeek abantaila izatearen beldurra ere. Azken kasua Caster Semenyarena da.
Emakumeak atletismoan hogeigarren hamarkadan hasi ziren (Argazkia: Christian Dalager ) .

Berlingo Munduko Atletismo Txapelketan 800 metrotan irabazi duen emakumearen inguruan sortu da polemika. Atletismoko Federazioen Nazioarteko Elkarteak (IAAF) genero-test batzuk egiteko eskatu zion Caster Semenya 18 urteko gazte hegoafrikarrari.

IAAFkoek badakite ez dela mozorroturiko gizon bat, atletek gernu-laginak ematen dituztenean argi ikusiko bailitzateke. Semenyak emakumeen sexu-organoak ditu, eta emakume gisa hazi dute.

IAAFren emaitzak argitaratu aurretik, ordea, Australiako The Daily Telegraph egunkariak filtrazio baten berri eman zuen irailaren 11n: "Testen emaitzen arabera, Caster Semenya hermafrodita da".

Bi sexuak gorputz berean

The Daily Telegraph ek notizia argitaratu eta segituan, mundu osora zabaldu zen, eta titular guztiek hermafrodita hitza errepikatu zuten. Oso oker zeuden, ordea: Semenya ez da hermafrodita.

Androgenoenganako sentikortasun ezaren sindromea duten pertsonek fisikoki emakume baten itxura izan dezakete, baina XY kromosomak dituzte (Argazkia: Photoxpress_Galina Barskaya ) .

Gizakietan ez da ezagutzen hermafroditismo-kasurik. Izan ere, hermafrodita batek gai izan beharko luke obuluak eta espermatozoideak, biak, sortzeko, eta hori ez da inoiz gertatu gizakietan —bai, ordea, bi sexu-organoak dituzten pertsonak, baina, kasu horietan, antzuak izaten dira—.

Horixe gertatzen da pertsona bat genetikoki gizona denean (XY kromosomak dituenean) baina emakume-itxura duenean. Androgenoenganako sentikortasunik ezaren sindromea deitzen zaio. Androgenoak dira gizonezkoen ezaugarri fisikoak sortzearen arduradunak. Androgenoei ez erantzutearen ondorioz, umetokian dagoen haurraren organo maskulinoak ez dira garatzen, eta emakume-itxura hartzen du.

Androgenoenganako erresistentzia erabatekoa denean, pertsona horiek emakumeak dirudite, baina ez dute umetokirik. Pubertaroan, emakumeen bigarren mailako ezaugarri sexualak garatzen dituzte, bularrak adibidez. Baina ez dute hilekorik izaten, eta, beraz, antzuak dira. Sarritan, barne-barrabilak izaten dituzte sabelaldean. Sindrome hori duten pertsonak ez dira arazoarekin jabetzen hilekoaren falta sumatu arte, edo haurdun geratu nahi eta ezin dutela ohartzen diren arte.

Barraskiloak, koralak eta landare batzuk hermafroditak dira. Gizakiak, ordea, ezin du izan, obuluak eta espermatozoideak sortzeko gaitasuna beharko luke eta horretarako (Argazkia: Sergey Kolesnikov ) .

Jaiotzen diren 20.000 haurretatik batek du androgenoekiko sentikortasunik ezaren sindromea. Sindrome hori izateak atletismoan izan dezakeen abantaila bakarra testosterona-maila da, gizonen adinakoa izatea eragiten baitu. Hala ere, sindrome hori izateak testosteronarekiko ere sentikortasunik ez izatea eragiten du, eta hori desabantaila izan daiteke beste emakumeekiko.

Baina Semenyarena ez da lehen kasua. 1985ean, Unibertsitateetako Nazioarteko Jokoetan, Maria Jose Martinez Patiño espainiarrari derrigorrezko sexu-kontrola egin zioten Japonian. Txostenak argi utzi zuen XY kromosomak zituela, eta lizentzia kendu zioten.

1996an Atlantako Joko Olinpikoetan genero-azterketa egin zitzaien 3.387 emakumeetatik zortzik Y kromosoma zuten, eta guztiek hartu zuten parte jokoetan. Ordutik, derrigorrezko kontrolak egiteari utzi zioten. Baina, 2006an, 800 metroetako zilarrezko domina kendu zioten Santhi Soundarajan indiarrari Asiako Jokoetan, sexu-testa zela eta. Nazioartean ez dute argi emakumeak noiz uzten dion emakume izateari.

Orain, Atletismoko Federazioen Nazioarteko Elkartearen erabakia airean dago, Hegoafrikako jendea haserre eta Caster Semenyak ez daki neska edo mutila den. Azaroan emango dituzte testen emaitza ofizialak eta dominaren inguruko erabakia.

7K- n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia