Ana Galarraga Aiestaran

Elhuyar Zientzia

Emakume izateagatik


Ben Barres neurozientzialari estatubatuarra (1954-2017) bere herrialdeko lehen zientzialari trans ezaguna izan zen. Jaiotzean, Barbara deitu zioten, eta emakume gisa bizi izan zen 2013ra arte. Orduan, Ben izena hartu zuen.

Barbara izena zuenean, bere kide gizonezkoek baino oztopo handiagoak aurkitu zituen ibilbide zientifikoan. Adibidez, behin, beka baterako lehiatu zen kide gizon cis baten aurka, eta, nahiz eta ordurako 6 artikulu zeuzkan argitaratuta, eta gizon hark bakar bat baino ez, gizonari eman zioten beka.

Zientzian ere gailentzen den sexismoaren ebidentzia argiena, hala ere, Ben izenez lanean ari zela jaso zuen. Mintegi batean, hitzaldia ematea egokitu zitzaion, eta, bukatu ondoren, halaxe esan zuen entzule batek: “Hitzaldi bikaina eman du Benek; haren lana arreba Barbararena baino askoz ere hobea da”. Diferentzia bakarra zegoen Ben eta Barbararen artean: lehena gizontzat zeukaten, eta horren arabera baloratzen zuten; eta bestea emakumetzat, eta, emakume izate hutsagatik, okerragoa zela iruditzen zitzaien.

Ben Barresek beti egin zien aurre zientzian sexu- eta genero-alborapenak daudela ukatzen zutenei, eta lan eskerga egin zuen alborapen horiek salatzeko eta eraisteko. Sexu eta generoarengatik ez ezik etniarengatik, maila sozialarengatik, jatorriarengatik edo beste edozein ezaugarrirengatik gutxietsia izateko arriskua zutenen integrazioa bultzatu zuen, dibertsitatearen aldeko berariazko neurriak ezarriz.

Alabaina, pertsona bakar bat, denik eta eredugarriena izanik ere, ez da nahikoa mendez mende eraiki eta sendotu diren praktikak eta pentsaerak ezabatzeko. Horregatik dira oraindik hain beharrezkoak Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna (otsailak 11) eta hari lotutako ekimenak.

Aurten, otsailaren 11n, manifestu bat argitaratu du Emakumeak Zientzian aliantzak, desberdinkeriei ikuspegi intersekzionaletik eta sustraitik heltzeko konpromiso irmoa adieraziz. Barruko orrietan duzu irakurgai. Elhuyarrek bat egin du manifestuarekin, eta zu ere, irakurle, batzera gonbidatzen zaitugu.

Egoitz Etxebeste Aduriz

Elhuyar Zientzia

Ana Galarraga Aiestaran

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali